Gazteak indartsu datoz, baina, Bizkaiko proban, nagusiago direnak iritsi ziren lehenago helmugara. "Ez da beti horrela izaten", azaldu du Iñaki Egizabalek. "Ondo entrenatzen badira, irabazi egiten didate bi semeek. Duela bi urte, Pablo nire aurretik sartu zen". Bizitzaren legea, esango dute askok, baina bai Egizabal bai Lozano sasoi onean daude. Emaitzak ikusi besterik ez dago.
Galdamesen jokatutako igoeran izan ziren bostak domekan. Probak 6,5 kilometro ditu, eta 651 metroko desnibela. 55 parte hartzaile izan ziren eta bost elgetarrak lehen hamabost postuen artean sailkatu ziren. Eleder Lozanok bigarren egin zuen sailkapen orokorrean eta lehenengo beteranoa izan zen, 45.20 denborarekin. Iñaki Egizabal (48.21) laugarren sailkatu zen eta bigarren beteranoa izan zen. Bosgarren sartu zen helmugan Martin Egizabal (49.04) eta zortzigarren Pablo anaia (50.08). Antzerako lasterketa batean lehen esperientzia zuen Urko Lozano (52.16) hamabosgarrena izan zen.
Lasterketa gutxi
"Ez dugu lasterketa askotan parte hartzen", azaldu du Iñaki Egizabalek. "16 urte behar dira izena emateko, eta Pablok ez dauzka oraindik. Hilabete barru beteko ditu. Galdames berezia da. Baimena eskatu genuen eta baietz esan ziguten. Lauzpabost aldiz hartu dugu parte". Egoera berean dira lozanotarrak. "Nik jokatu ditut lasterketa batzuk, baina Urkorendako lehena zen. 15 urte ditu".
Herri mailakoa den Intxortako Igoeran parte hartutakoak dira guztiak. Gaur-gaurkoz, Eleder Lozanorena da markarik onena gizonezkoetan, eta aurretik Iñaki Egizabalek zeukan. "Nire ustez, Intxortako Igoeran animatu zen gure semea", azaltzen du Eleder Lozanok. "Martinek eta Pablok Galdamesko lasterketaren berri eman zioten, eta izena eman nahi zuela esan zuen etxean".
Nork bere erritmoa
Mendian sarri ibili arren, oso gutxitan egin dute topo entrenatzerakoan. "Hemen dauden bidezidor eta pista guztiekin, oso zaila da", esan du Eleder Lozanok. "Adibidez, niri gustatzen zait semeekin entrenatzea, baina beraiei, aldiz, gutxiago nirekin joatea", azaldu du Iñaki Egizabalek. "Nork bere erritmora joan nahi du, eta ez dira erritmo berak. Beraiek ere ez dira beti elkarrekin joaten; Martini gehiago gustatzen zaio asfaltoa eta Pablori, berriz, mendia, aldapa eta lokatza".
Neguko atsedenaldia orain
Udaberrira arte amaitutzat ematen du denboraldia Eleder Lozanok. Iritzi berekoa da Iñaki Egizabal: "Neguan gutxiago ibiltzen gara. Egia da aurrekoan dezente ibili ginela. Elurra egin zuen eta sekula baino gehiago gozatu genuen. Intxortara eta Anbotora joan ginen. Gogoan dut nola igo ginen Intxortara belaunetarainoko elurrarekin, eta praka motzetan".
Bai Egizabalek bai Lozanok gustuko dute afizioa semeekin konpartitzea. "Gure kasuan, nor bere aldetik entrenatzen da, eta lasterketa ere nork bere erritmora egin zuen. Horrela eskatu zidan semeak, eta bakean utzi nuen", azaldu du Lozanok.
Mendian gauza kuriosoak gertatzen direla gaineratu du Egizabalek. "Etxean gauza gutxi kontatzen dituena mendian berotutakoan askotariko kontuak kontatzen hasten da. Sinesgaitza da, eta oso interesgarria. Une berezi asko egoten dira". Mendiak, bestetik, alde positibo asko dituela uste du. "Umeek ikasten dute sufritzen, helburu bat lortzeko ahalegintzen, aldamenekoari laguntzen... Polita da".