Psikologoa eta animazio sozio- kulturaleko teknikaria da Olariaga, eta Legazpiko Eguneko Zentroko langilea da. "Zahartzaro guztiak ez dira berdinak, baina garrantzitsua da etorkizunean egon daitezkeen nahasmendu kognitiboak atzeratzea. Alde horretatik, gaitasun fisikoekin gertatzen den moduan garrantzitsua da gaitasun kognitiboak ere entrenatzea", azaldu du.
Ahanztura ohikoenetako batzuk dira izenak ez gogoratzea, nonbaitera joan eta zertara joan den ahaztea edota medikazioa hartu izana zalantzan jartzea. "Egunerokoan gertatzen diren nahasteak dira eta zerikusia dute askotariko funtzio kognitiboekin. Nik garrantzi berezia ematen diet oroimenari eta arretari. Lengoaiarekin, arrazoibidearekin eta pertzepzioarekin oso lotuta daude, baina arreta memoriaren atea da. Ate horretatik sartzen ez dena ezingo dugu gogoratu, eta gertatzen da adineko pertsonak oso hauskor sentitzea zenbait egoeratan. Funtzio kognitiboak aktibo mantentzeko estrategiak garatuko ditugu tailerrean. Garrantzitsua da autonomo izaten jarraitzeko".
Musikari eta erlaxazioari ere denbora eskainiko diela azaldu du Olariagak, eta, horrekin batera, etxean egiteko moduko ariketak ere proposatuko dituela. "Irakurtzea oso garrantzitsua da. Hizki-zopak eta sudokuak egitea ere bai", azaldu du.
Taldearen ezaugarriak ezagutzeko eta bakoitzak dituen perspektibak eta beharrak identifikatzeko, galdetegi labur bat proposatuko du lehenengo saioan. Hortik ateratako ondorioetatik egingo du tailerraren plangintza zehatzagoa.
Pandemiaren eragina
Pandemiak eta pandemiak eragindako itxialdiak ondorioak izan ditu adineko pertsonen artean. "Eragina ez da bera izan denendako. Itxialdiaren nolakotasunak, norberaren ezaugarriak eta ingurukoengandik jasotako babesak zeresan handia izan dute, baina pandemiak, oro har, inpaktu handia izan du antsietate eta estres mailetan, eta antzerako tailerrak ondo etorri daitezke harreman sozialak aktibatzeko eta isolamendu soziala saihesteko".
Pandemiak gauza asko aldatu ditu herritarren egunerokoan, eta pertsona nagusiei dagokienez gehiago, adituaren esanetan. "Funtzio kognitiboei dagokienez, egoera ez da behar zen moduan landu, eta isolamendua eta autokonfiantza falta garatu dira hainbat kasutan".
Teknologia berrien eragina aipatzen du Olariagak: "Pertsona nagusi asko baztertuak sentitu dira. Normalean, denok dugu telefonoa, baina eduki ez dutenak ezin izan dira ingurukoekin kontaktuan jarri, eta horrek ondorioak izan ditu". Autokonfiantza arazoak ere sortu direla ohartarazten du Olariagak. Legazpiko Eguneko Zentroan izandako esperientziatik egiten du berba: "Saiatzen ginen jarduera fisikoa egin ahal izateko erabiltzaileendako bideoak prestatzen eta bidaltzen. Edo funtzio kognitiboak lantzeko fitxak eta ariketak helarazten, baina egoera eta baliabide guztiak ez ziren berdinak".
Izena emateko aukera zabalik
Oraingoz, zortzi lagun daude izena emanda. Interesatuek udaletxean egin behar dute eskaera. Hilaren 8a, astelehena da azken eguna. Parte hartzea doan da eta saioak eguenetan egingo dituzte, 10:00etatik 11:30era, hain zuzen.