Hurrengo urtera begira, udal zergetan eta tasetan EAEn abuztutik abuztura izan den KPIaren igoera aplikatzea erabaki du Udal Gobernuak; hau da, %3,3ko igoera. Hala, neurri horretan egingo dute gora, besteak beste, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergak zein hondakinen kudeaketarako tasak.
Badira zenbait salbuespen. Ondasun higiezinen gaineko zerga %2,2 igoko du Udalak. "Arrazoia da katastroko balioa %1,5 igo dela. Foru Aldundiak urtero eguneratzen duen balioa da, eta biderketa eginez gero igoera, azkenean, %3,3koa da bi faktore horiek kontuan hartuta", azaldu zuen osoko bilkuran Iraitz Lazkano alkateak.
Hilerriarekin lotuta ematen diren zerbitzuetan dago beste salbuespenetako bat. Zerbitzua ematen zuen enpresa itxi egin da, eta aurrerantzean Hargoi enpresak egingo ditu lan horiek. "Enpresarik merkeena izanda ere, prezioak handiagoak dira, eta horregatik eguneratu behar izan dira tasa horiek, Udala lurperatze bakoitzean galtzen ez irteteko". Hala, aurrerantzean, lurperatze zein deshobiratze bakoitzeko 655 euroko tasa ordaindu beharko da, kolunbarioaren erabilera 20 urterako 150 euro izango dira, kolunbarioan errauts-kutxa sartzea 288 euro eta errauts-kutxa bat lurperatzea 288 euro. Azken hori tasa berria da.
Udalak, halaber, eguneratu egin du energia berriztagarrien aprobetxamenduagatik indarrean den hobaria. Eguzki-plakak jartzeagatik ematen zen hobaria bestelako energia berriztagarrietara ere zabaldu dute.
Alkateak azaldu du zuzeneko zergen eguneraketarekin aurreko urtean baino hamabost bat mila euro gehiago jasotzea aurreikusten dutela. Konstituzionalak behin-behinean bertan behera utzitako balio gehikuntzaren zergari ere egin zion erreferentzia. "Ikusgai dago, egia esan, zerga horrekin zer gertatuko den, baina kopuru hori da Udal honek kobratzen duena".
Oposizioa, igoeraren kontra
EAJko ordezkariek zerga igoeraren aurka bozkatu zuten, eta horiek izozteko eskaera egin. "Aurka bozkatu dugu, gure iritziz oraindik ere pandemia egoeran gaudelako eta herritar batzuek gaizki pasa dutelako. Oraindik ondorioak daude, eta Elgetan ere bai; bai familietan eta bai enpresetan. Ikusita testuingurua zein den eta ikusita Foru Funtsetik aurreikusitakoa baino diru gehiago etorriko dela udaletara, uste dugu Udalak, ahal den neurrian, lagundu egin behar diela herritarrei", azaldu zuen EAJko bozeramaile Aintzane Oiarbidek. "Ez da zergak igotzeko momentua, eta uste dugu zergak ez igotzeko testuinguru onean gaudela. Udalak esfortzu hori egin dezakeela uste dugu. Horregatik, zergak izoztea eskatu dugu, baina, azkenean, Udal Gobernuak nahi izan duena atera da aurrera", gehitu du.
Zerga politika sendoa
Ez dira iritzi berekoak Udal Gobernu taldean. "Foru Funtsetik diru gehiago etortzeak ez du esan nahi udal zergak gutxiago kobratu behar ditugunik. Udalaren autonomiaren ikuspuntutik garrantzitsua da, nire iritziz, gure sarrera propioak edukitzea, horrela gure zerbitzu propioak ondo mantendu ahal izateko", esan zuen Lazkanok. "Gertatu daiteke, eta gertatu da, Foru Funtsera dirua bueltatu behar izatea. Horrelakoetarako gure sarrera propioak sendo samar edukitzea interesgarria da".
Bestelako gastuen igoera ere aipatu zuen alkateak. "Hurrengo urtera begira ematen ditugun zerbitzuetan prezioak mantentzen baditugu ere, aurreikuspena da kostuak asko igoko direla: lehengaien igoera itzela izango da, energiaren igoera ere itzela izango da, pertsonal gastuen igoera ere kontuan hartu beharrekoa da; izan ere, %2ko igoera aurreikusten dute Espainiako aurrekontuek... Uste dugu gastuetan ere gorakada nabarmen samarra izango dugula. Igoera potoloak dira, eta eragina izango dute. Udal zerga politika sendo bat interesgarria da".