Inguruko zuhaitzak ezagutzeko bisita gidatua egingo du zapatuan Dani Gillegik

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko urr. 22a, 18:09

Dani Gillegi, Elgetan.

Udalak antolatutako irteera da eta taldea 10:00etan abiatuko da, Herriko Plazatik. Sei urtetik gorakoendako gomendatu dute baina adin txikikoek helduren batek lagunduta egin beharko dute ibilbidea. Izena emateko, idatzi danonartian@elgeta.eus helbidera edo deitu 943 76 80 22 zenbakira.

Elgeta inguruko zuhaitzak ezagutzeko irteera gidatuko du Dani Gillegi elgetarrak zapatu goizean. Basogintzako ingeniari teknikoa da eta pare bat orduko ibilbidea prestatu du. Azaldu du batez ere bertako landaredian jarriko duela arreta. "Ez dira zuhaitz masa handiak, han eta hemen solte dauden zuhaitzak baizik, eta gutxi proportzioan. Egunero ikusten ditugun zuhaitzak dira, baina gaur egun jendeak bereizten ez dituenak". Pagoa, lizarra, haritza, sahatsa, lertxuna, gaztainondoa, platanondoa eta astigar zuria nabarmendu ditu. "Azalduko dugu nola bereizi. Modurik errazena hostoa identifikatzea da", esan du.

Elgetan dauden zuhaitz exotikoei buruz ere emango ditu azalpenak. "Baso ustiaketarako landatu diren koniferak dira gehienak; intsignis edo radiata pinua, alertze pinua, douglas izeia... Azkonabietarako bidean dagoen sagardotegi paretik gora egingo dugu. Lepasolora igoko gara eta handik Goikomendira. Bazkarrita gainetik aterako gara bueltan beherantz".

Bertako zuhaizti bakan batzuk

Bertako zuhaiztiei dagokienez, Elgetan irla bakan batzuk besterik ez dela gelditzen azpimarratu du Gillegik. "Asentzio azpian dagoen Eguluze-Zabale eremuan pago, haritz eta gaztainondo kopuru polita dago. Udazken koloreak ikusten diren eremu hori da. Intxorta azpian, berriz, bada pagaditxo bat, eta Eibarko bidean ere badaude pagadi batzuk. Hariztiak oso gutxi ditugu. Haritza behealdekoa da gehiago, eta pagoa goialdekoa. Elgetan nahastu egiten dira. Hemendik gora pagoa litzateke".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak