Zer moduz azken lanegunak?
Emozio nahasketa handiarekin ibili naiz. Urduri, fase bat bukatzen delako eta pentsatu beharko dudalako zer egin aurrerantzean; eta triste samar, badakidalako oso gustura egon naizen garai bat bukatzen dela. Egun arraroak izan dira, bai.
Bizitza ia osoa eskaini diozu irakaskuntzari.
22 urterekin hasi nintzen. Irakaskuntzaren barruan sortu berri zuten Euskal Filologiarekin lotutako ikasketak egin nituen. Orduan ez zegoen ez D eredua ez ezer, eta Bilboko Altamira ikastetxean hasi nintzen A ereduko ikasleei euskara irakasten. 15 bat urteko ikasleak ziren, eta inguru oso erdalduna zen. Erronka handia izan zen, ez zegoelako euskara erakusteko materialik. Nik neuk ere, hasiera batean, gazteleraz justu-justu egiten nuen. Erabaki nuen ikasle haiei zer edo zer eskaintzekotan motibazioa izango zela, eta hasi ginen abestiak ikasten, txotxongiloak egiten, kalean altxorraren bila jokoa egiten... 22 laguneko taldea zen, eta zikloa amaitutakoan hamahiru euskaltegian apuntatu ziren.
Gogoan duzu lehen eguna Elgetako eskolan?
Bai. Katalunian egon nintzen lanean sei urtez, eta ordurako gorputz hezkuntzarako zein haur hezkuntzarako ere formatuta nengoen. Bueltatzea erabaki nuenean, Elorriotik gertu zegoen ikastetxe bat bilatu nuen, eta Elgeta izan zen jarri nuen lehen aukera. Haur Hezkuntzako plaza eman zidaten. Gogoan dut bi irakasle ginela Haur Hezkuntzan, Maite eta ni.
2 urteko gelarik ez zegoen, eta 3 eta 4 urteko geletako umeak hartu nituen, elkartuta. Hemeretzi inguru ziren. Nirekin batera hasi ziren eskolan Arantxa Esparza eta Nora Olabide. Gogoan dut zuzendaritzan sartzeko proposamena egin zigutela. Eskatu genuen uzteko, behintzat, lehenengo urtea eskola ezagutzeko, eta hurrengo ikasturtean sartu ginen zuzendaritzan. Orduan sortu zen 2 urteko gela.
Eskola txikia izango zen...
Bai. Eta giroa ez zen gaur egungoa. Ikusten zen gurasoak ez zeudela eskolarekin oso konektatuta, eta zuzendaritzako lehen urteetan helburua izan zen giro ona sortzea. Denborarekin gauzak hobetzen joan dira, eta orain, giro oso ona dago. Eskolak ematera etortzen diren irakasleek errepikatu nahi izaten dute, eta hori oso seinale oso ona da.
Ipuinak, magia trikimailuak, baratzea, birziklapena... Zure ezaugarri nagusiak dira, ezta?
Inprobisatzea gustatu izan zait beti. Uste dut umeak bezain espontaneoak eta naturalak izango bagina hobeto funtzionatuko genukeela. Sormena lantzeari ere garrantzi handia ematen diot. Umeei gauzak sortzen erakustea gustatzen zait. Prozesu bat da eta estrategia pila bat sartzen dira hor. Zuk egiten baduzu, umeek ikasi egten dute, eta sortzen ere ikasi egiten da. Konbentzituta nago.
Eskola txikia izatea indargunea edo ahulgunea da?
Sarri entzuten dugu: "Ume gutxi dituzuenez...", baina indarguneak ere badaude. Denok ezagutzen dugu elkar, badakigu umeak nolakoak diren. Familiak ere ezagutzen ditugu. Elkar-zaintza bat dago, umeen garapenaren jarraipena gertuagotik egiten dugu, eta umeak beste giro batean daude. Ez da berdina hiriko giroa edo herriko giroa.
Nola bizi izan duzu pandemia?
Frustragarria izan zen etxean gelditzea umeekin egoteko aukerarik gabe. Saiatu nintzen ipuinak asmatzen eta bideo txiki batzuk bidaltzen, baina zenbat eta txikiagoa umea, orduan eta zailagoa da. Gero, burbuila-taldeetan egotea ez dator bat gure metodologiarekin. Umeak elkartu beharrean bakoitza bere gelan egotea ekarri du pandemiak, eta eragina dauka, bai.
Irakaslearen figura gutxietsia dago?
Gizartean gertatu den aldaketarekin du horrek zerikusia, nire ustez. Gizarte oso demandatzaile bihurtu gara. Eskatu eta eskatu egiten dugu, eta defentsibara moduan gaude. Oso presente ditugu gure eskubideak, baina ez hainbeste betebeharrak. Ez dut uste ona denik. Hortik ere ikasi egiten dute umeek.
Zertan emango duzu denbora orain?
[Barre] Shinova musika taldean ari dira gure bi semeak, eta larruzko txupa erosi eta kontzertuz kontzertu hasiko naiz, akaso. Gustatuko litzaidake, baita ere, ipuinak sortzea eta bidaiatzea. Dena den, faltan igarriko ditut umeak. Gertu bizi naiz, eta etorriko naiz bisitan.
Mezu bat irakaskuntza ikasten ari direnei?
Sormenaren arloa ez ahazteko. Gauza estrukturatuak emateko eskatzen digute, baina oso garrantzitsua da barne ekosistema ere lantzea, emozioak. Ume bat izan daiteke onena gauzak egiten, baina, ez badaki emozioak kudeatzen, gaizki ibiliko da.
Eta Elgetako eskola komunitateari zer esango zenioke?
Garrantzitsuena umea ondo eta gustura sentitzea dela. Horretarako, eskolan harreman onak egon behar dira. Arazoak daudenean, modu produktiboan bilatu behar dira konponbideak, haserretu gabe eta denen artean. Eskolan giro ona egotea ona da denondako: umeendako, familiendako, eta herriarendako.