Gidari lanetan Tenerifeko uretan eta itsasontziz

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko ira. 21a, 16:18

Elgetar asko izan dira itsasontzian, baina lagun berriak ere bai. Irudian, Mañarikua hernaniko bikote batekin. (Argazkia: Josu Mañarikua)

"Itsasoa ez zait burutik joaten", aitortzen du Josu Mañarikua elgetarrak. Aurretik ere bost hilabeteko zeharkaldia eginda dago, baina oraingoan, itsasontzi handiagoa erosi eta oporretako eskaintza egin du. Hilabeteotan hogei bat lagun hartu ditu belaontzian. Tenerifen jarraitzen du La Palmako sumendiaren erupzioa albiste den egunotan. Tenerifen lasai dabilela dio, eta bisitariak artatzen jarraitzen du. "Sumendiak jaurtitako hauts partikulak iritsi dira, baina gutxi. Babestuta gaude hemen".

"Itsasora bueltatzea izan dut beti buruan, eta Elgetan nengoela jendeak galdetzen zidan ea noiz eramango nituen zeharkaldi bat egitera. Horrela bururatu zitzaidan nabigazio egonaldiak prestatzea udarako. Eta esperientzia oso ona izan da. Pozik nago", azaldu du elgetarrak.

Ekain erdialdera joan zen Tenerifera Mañarikua, eta itsasontzia erosi ostean uztail erdialdera hasi zen lehen nabigazio lagunak jasotzen. Ordutik, hogei bat pertsona izan ditu itsasontzian. Asko elgetarrak izan dira, baina elgetarrak ez direnak ere izan ditu belaontzian. "Ezagunak izan dira gehienak edo lagunen lagunak, baina nahiko gertukoak, bai", azaldu du.

Maiatzean hasi zen gauzak antolatzen. Lagun baten bitartez izan zuen bere baldintzetara egokitzen zen eta Kanariar uharteetan salgai zegoen itsasontzi baten berri. "Erosi egin nuen. Jendea hartzeko ideia nuenez, hozkailuarekin, eguzki-plakekin eta aurreko itsasontziak ez zeuzkan bestelako erosotasun batzuekin hartu nuen. Ideia zen nabigazio esperientzia beste batzuekin konpartitzea, eta gastuak ordaintzeko laguntza bat jasotzea".

Leku segurua nabigatzeko

Sei edo zazpi eguneko egonaldiak egin dituzte Mañarikuaren itsasontzian bisitari gehienek. "Denetarik egon da, baina inor ez da etorri nabigatzeko esperientzia handiarekin. Esango nuke gehienak esperientzia berri bat bizitzera etorri direla, eta mundu hau askorik ezagutu gabe. Baina ondo joan da dena". Itsasoko gaitzaz galdetuta, esan du zorabio bat edo beste izan dutela: "Baina oso gutxi, esango nuke. Egia da saiatu naizela itsaso txarrarekin ez irteten". 

Egunotan, berriz, La Palmako sumendiaren erupzioa da albiste eta Mañarikuak azaldu du berak nabigatzen duen lekutik distantzia dagoela. "Sumendiak jaurtitako hauts partikulak iritsi dira, baina gutxi. Babestuta gaude hemen". Laster amaituko ditu udako nabigazioak. "Ez dakit La Palma aldera gerturatuko naizen behin azken bisitariak joandakoan. Badut gogoa halako fenomeno bat zuzenean ikusteko aukera. Egoerak esango du", gaineratu du. Gaur-gaurkoz, Tenerifen jarraitzen du Mañarikuak. Beste bi talde hartuko ditu itsasontzian irail amaierara bitartean.

Elgetara noiz itzuliko den galdetuta galdera hori askotan egiten diotela dio. "Ez dut batere argi zer egingo dudan. Askok galdetzen didate –batez ere, gurasoek–, baina ez dut erantzunik, oraingoz".

31 oineko Dufour itsasontzia

Las Galletas izenarekin ezagutzen den parajea izan du Mañarikuak zeharkaldien abiapuntu eta amaiera. "Ia urte osoan izaten da itsaso ona hemen. Tenerife hegoaldea da, eta abuztuan indartsuak diren alisio-haizeetatik babespean dago Teide mendiari esker", azaldu du.

31 oineko Dufour itsasontzia du: "Aurrekoa baino apur bat handiagoa da, bederatzi metro eta erdi luze da, eta prestazio hobeak ditu. Sei lagunendako itsasontzia da, baina zeharkaldietan bost ibili gara, gehienez". 

Bidaiarien nahiak betetzen saiatu dela azaldu du: "Batzuek nabigatu egin nahi zuten, beste batzuek nahiago zuten arrantzan egin edo aingura bota eta lasai egon. Kala batean eguna pasatzea eta bertan lo egitea ere posible izan da. Ondo ibili garela esango nuke. Niretzat, behintzat, esperientzia polita izan da". 

Esperientzia oso ona

Uda honetako esperientzia ez da elgetarrak izan duen lehenengo egonaldia itsasontzi batean. 2019ko otsailean Zumaiatik abiatu eta portuz portu El Hierro uharteraino bidea egin zuen. Hura izan zen nabigazio baimenak lortu ostean egindako lehenengo zeharkaldi luzea, eta bakarrik egin zuen. Bost hilabeteko zeharkaldia izan zen. Elgetara itzuli, eta pandemiak eragindako itxialdia etorri zen. Denendako izan zen gogorra, baina itsaso zabalean hainbeste hilabete egindako Mañarikuarendako, bereziki. "Esperientzia moduan oso ona izan da", dio udako hilabeteei erreferentzia eginez. "Ez naiz batere damutzen. Oso-oso pozik nago. Ekonomikoki gastuak estaltzeko laguntza izan dut, eta hori zen asmoa. Ez dakit orain zer gertatuko den. Ni gustura nabil itsasoan, eta pentsatuko dut zer egin".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak