Aurtengo azoka Intxortako Igoerarekin eta umeendako tirolinarekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko ira. 16a, 09:00
Ume bat tirolinan behera eta atzean herriko ekoizleen azoka, 2018an. (Argazkia: Elgetako Udala)

Zapatu goizean dozena bat ekoizlek ipiniko dituzte salmenta postuak plazan. Iaz ere egin zen azoka, baina pandemia tarteko Intxortako Igoerarik eta umeendako tirolinarik gabe. COVID neurriekin bada ere, hitzordu biak bueltan izango dira aurten.

Dozena bat postu izango ditu aurten ere herriko ekoizleen eta artisauen azokak. "Azken orduko konfirmazioen zain, barazkiekin lau bat postu izango dira, artisautza produktuekin beste lau eta gainerakoak Larrabiltxoko eztia, Baobeer garagardoak eta marokoar gozokiekin bi mahai. Elgoibarko Lizasagar sagardogilea ere etorriko da", azaldu du Baserritarren batzordeko buru Sebastian Arantzabalek.

Baieztatuta dauden ekoizleen artean dira , besteak beste, Sesto baserriko Irene Bolinaga, Sebastian Arantzabal bera eta aurten lehen aldiz azokan izango diren Arantzeta baserriko Pello Bilbao eta Naiara Romatet. Pili Arinek bi postu jarriko ditu, eta Lorena Ibeas ere azokan izango da.

Azoka 10:30etik 13:00etara egongo da zabalik. "Azoka guneak sarrera eta irteera izango ditu, eta postuak ikusteko zirkuitu moduko bat gurutzatzeak saihesteko. Maskara jantzita eraman beharko da", zehaztu du Arantzabalek. Euria bada, postuak arkupean jarriko direla ere aurreratu du.

Barazki ekoizleek ez dute nahi besteko jenerorik atera aurten. "Eguraldi zoro samarra izan dugu", azaldu du Arantzabalek. "Ez du ia uda girorik egin, eta euririk ere ez sasoi handi batean. Orain, berriz, hego-haizea dabil. Urtea arraro doa".

Pandemia tarteko iaz ez zen azoka osteko bazkaririk egin, baina bueltan izango da ohitura hori ere. Azokan ipinitako postu bakoitzeko bazkari bana egingo du opari Udalak eta Bolatokian izango da bazkari hori zapatuan bertan.

Tirolina umeendako

Udaletxeko armarriaren azpian dagoen leihotik ikurrina dagoen plazako izkinaraino hegan egiteko aukera izango dute zapatuan neska-mutikoek. Zintzilik Emozioen Laborategiak jarriko du tirolina, ausartzen direnek esperientzia horrekin goza dezaten, eta azoka zabalik dagoen bitartean egongo da erabilgarri. "Udaletxeko atean egin beharko dute ilara umeek, eta banaka igoko dira ainguratzeak jartzera eta salto egitera", azaldu du Iraitz Lazkano alkateak. Aurretik ere egonda dago tirolina azokan; 2018an eta 2019an, hain zuzen ere. Oso antzerakoa izango da funtzionamendua, baina maskarekin eta distantziak mantenduz izango da aurten.

Intxortako Igoera, 11:00etan

Pandemiak eragindako iazko etenaren ostean, bueltan da elgetar askorendako hain berezia den Intxortako Igoera ere. Izen-ematea 10:20ean zabalduko da eta 12 urtetik gorakoen lasterketa 11:00etan abiatuko da. Ondoren jokatuko da adin horretatik beherakoen Salbado ermitako igoera.

Erlazionatuak

Iazko etenaren ostean bueltan da Intxortako Igoera

Larraitz Zeberio Lekuona 2021 ira 16 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak