Iazko etenaren ostean bueltan da Intxortako Igoera

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko ira. 16a, 08:50
Intxortako Igoerako sari banaketa, 2019an.

12 urtetik gorakoei dago zabalik eta sasoi onenean daudenek aukera izango dute ezarrita dauden markak hobetzeko. Lasterkariak 11:00etan abiatuko dira plaza barrenetik, eta Intxortako haize-errotari buelta emanda itzuli beharko dute irteera puntura.

Kalkulatzen da 2,8 kilometroko distantzia dagoela plazatik Intxortara, nahiz eta norberak erabakitzen duen ze ibilbide egin. 267 metroko desnibela dago plazaren eta Intxortako gailurraren artean.

Gaur-gaurkoz, Eleder Lozanok eta Argider Txurrukak dituzte markarik onenak. Lozanok 16.14an geratu zuen erlojua 2015ean, eta Txurrukak 23.47an 2019an. Udalak zortzi sari iragarri ditu, guztiak ere herrian erroldatutakoen artean banatuko direnak. 16 urtetik gorako lehen hiru sailkatuendako sari bana dago, bai gizonezkoetan bai emakumezkoetan; 12-15 urte artekoendako beste hainbeste; eta indarrean dauden markak hobetzea lortzen dutenendako sari bana. Izen-ematea 10:20ean zabalduko da, eta sari banaketa 13:00etan izango da.

12 urtetik beherako neska-mutikoek ere izango dute lasterka egiteko aukera. Plazatik Salbador ermitara igo eta bueltan jaistea izango da erronka, kasu horretan. Izen-ematea ere 10:20an zabalduko dute eta, adin txikikoak izanik, parte hartu ahal izateko gurasoek sinatutako baimena beharko dute.

Irteera, maskarekin

COVID neurriak bete beharko dituzte parte hartzaile guztiek. Horrela azaldu dute antolatzaileek. Distantziarik betetzen ez den uneetan maskara jantzita eduki beharko dute. Hala, irteera maskararekin egin beharko dute, eta jarri egin beharko dute taldean joanez gero, aurreratzerakoan zein gurutzatzeak daudenean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak