Ikasleen udako oporrak amaitzear dira, eta badator ikasgeletara itzultzeko unea. Eguaztenean, hilak 8, emango diote hasiera ikasturteari Elgetako Herri Eskolako ikasle gehienek. Lehenengo hiru egunetan jardunaldi trinkoa izango dute. Ondoren, goizeko eta arratsaldeko ordutegiarekin hasiko dira.
Apur bat geroago hasiko dira 2 urteko gelan hastekoak diren neska-mutikoak. Hamabi dira aurten, eta, eskolaratze berriak izanik, egokitzapena egingo dute irailean.
Joan den astea ezkero dira lanean zuzendaritzako kideak. Hala, Hezkuntza Sailetik jasotako azken jakinarazpenak kontuan hartu, protokoloak errepasatu eta hartu beharreko neurriak berrikusten aritu dira, besteak beste.
Pandemia egoerak baldintzatutako ikasturte hasiera izango da honako hau ere. Zuzendaritzak jakinarazi du indarrean izango den protokoloa iazkoaren oso antzekoa izango dela. "Iazko sarrera-irteera orduak mantenduko dira eta ikasleak bizikidetza egonkorreko taldeetan edo burbuiletan antolatuko dira. Familiek egunotan jasoko dute informazio orokorra, posta elektronikoz", esan dute.
Irakasle kopuruari dagokionez, ikasturte berrian hamazazpi irakasle inguru izango ditu Herri Eskolak. Lanaldi murriztuak finkatu gabe daude oraindik.
Haur eskola ere zabalik
Haur eskolan ere eman diote hasiera ikasturteari. Eguaztenean itzuli ziren hezitzaileak lanera, eta atzo egin zuten batzarra familiekin. Astelehenean hasiko dira haurrak eta familiak egokitzapenean; lau, hain zuzen ere. Bosgarrena urrian hasiko da. "COVID-19 protokoloari dagokionez, arlo pedagogikoan zein prebentzio arloan ez da aldaketa nabarmenik izan. Aurrez beharrezkoak ziren neurri batzuk orain gomendio bihurtu dira, baina funtzionatzeko erak berdintsu jarraituko du", azaldu du Laura Martinek.
Ludoteka zerbitzua
Ludoteka zerbitzuak, berriz, irailaren 13an zabalduko ditu ateak. Udalak jakinarazi du COVID-19aren kontrako neurriekin ekingo diotela ikasturte berriari udal zerbitzuan ere. "Eskolako eta haur eskolako arduradunekin izan gara, eta, aurreko ikasturtean bezala, eskolako protokoloa hartuko dugu oinarri ludotekan ere. Gutxienez, lehenengo hiru hilabeteetan. Hala, taldeak ahalik eta egonkorrenak izate aldera, oraingoz, ikasturte osorako edo lehenengo hiruhilekorako bonuak soilik egin ahal izango dira. Izen-emate kopuruaren arabera erabakiko da hezitzaile kopurua", azaldu du Iraitz Lazkano alkateak.
Ordutegia betikoa izango da: astelehenetik barikura, 16:00etatik 19:00etara. Zerbitzuaren prezioa 280 euro da ikasturte osorako eta 120 euro hiru hilabeterako bonuaren kasuan. Familiaren errentaren arabera %70erainoko hobariak aurreikusten direla gogorarazi du Udalak. Izen-ematea egin daiteke udaletxean zein udal webgunean eskuragarri dagoen orria beteta.
Musika eskolak
Lorea Larrañaga musika irakaslea ere ikasturte berria prestatzen hasita dago. Urrian hasiko dira eskolak, kultura etxeko musika gelan, eta laster jakinaraziko du ordutegiak zehazteko zein egunetan egongo den kultura etxean.