Maria Egizabal: "Argi daukat merezi duela Jaungoikoa bilatzea"

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko uzt. 24a, 09:11

Maria Egizabal Barrachina, martitzenean, Elgetako Andra Mari plazan.

Ekainean bete zituen 18 urte Maria Egizabal Barrachinak (Elgeta, 2003). Gaur egungo gazteen artean oso ohikoa ez den bidea hartzea erabaki du, batxilergoa amaitu berritan. Moja-postulatzaile sartuko da Jesusen Bihotzeko Santa Mariaren Alabak kongregazioak Madrilen duen egoitzan. Abuztuaren 14an egingo du sarrera-ekitaldia.

Nolakoa da moja-postulatzaile baten sarrera-ekitaldia?
Elizkizun bat da, eta Madrilen izango da; sartzekoa naizen egoitzan. Postulatzaile-jantzia emango didate, eta horrela jantziko naiz bi urtez. Galdetuko didate zer eskatzen dudan, eta erantzungo diet bizitza erlijiosoa esperimentatu nahi dudala, eta eskatuko diet epai dezatela nire jarrera. Komentuko bizimodua ezagutzeko eta erabaki zuzena hartu izana ziurtatzeko etapa da postulatua. Ez dizu inork esaten: "Sartu zara eta orain hemen gelditu behar duzu betirako". Bikote harreman bat bezala da; hasi egiten duzu, eta, ikusten baduzu ez daramala inora, eten egin dezakezu.

Gero dator nobiziatua, ezta?
Bai; beste bi urte dira. Moja-jantzia janzten da, nahiz eta beloa desberdina izan, eta nobiziatuko bi urteak egin ostean erabakitzen da moja sartzeko lehen botoak egin edo ez. Bien bitartean, formakuntza jasoko dut: kristologia, mariologia, biblia, kongregazioaren historia...

Ze berezitasun ditu aukeratu duzun kongregazioak?
Jesusen Bihotzeko Santa Mariaren Alabak irakaskuntzan aritzen dira. Bost urtez ikasi dut haien zentro batean, eta bertan joan naiz ikusten Jaungoikoak horretara deitzen nauela. Gustatuko litzaidake irakaslea izatea. Ez dakit oraindik haur txikiekin edo nagusiagoekin, baina ilusioa egingo lidake.

Orain arteko ikasketak non egin dituzu?
Elgetako Herri Eskolan ikasitakoa naiz, eta Ipintza institutuan egin nuen DBH-1. Hurrengo ikasturtean hasi nintzen Jesusen Bihotzeko Santa Mariaren Alabek Kantabriako Solares herrian duten Torreanaz ikastetxean. Ikastetxe handia da; eskola, barnetegia eta heziketa espiritualago batera bideratutako egoitza bat dauzka. Pare bat hilabete egin nituen barnetegian, baina laster egin nuen bokazio-bereizketarako den egoitza horretan bizi zen ikaskide baten ezagutza. Harreman oso estua garatu genuen, eta asteburu-pasa gonbidatu ninduen. Txundituta gelditu nintzen zer-nolako giroa zuten. Pozik eta alai bizi ziren; atentzioa emateraino. Etxean bezala sentitu nintzen, eta laster erabaki nuen nik ere egoitza horretan bizi nahi nuela. Hogei bat neskarendako egoitza da. Gauza bat da moja-ikastetxe batean ikastea eta beste bat moja joatea.

Zerk bultzatu zaitu bide horretara?
Jaungoikoak. Erantzun oso abstraktua izan daiteke, baina horrela da. Jaungoikoa ezagutzen joan naiz eta ikusi dut nirekiko eta gainerako guztiekiko duen maitasun mugagabea. Jaungoiko zigortzailea irudikatzen dugu batzuetan, baina guztiz kontrakoa da. Aldentzen bazara, zuregana dator. Nik ere nire gorabeherak izan ditut. Ez dut moja joatea beti buruan izan. Orain gutxi hartutako erabakia da. Iazkoa. Baina egia da ez dudala Jaungoikoa orain besteko gertu sentitu inoiz, eta erabaki dut gerturatzea eta hobeto ezagutzea.

Uko batzuk egin beharko dituzu, dena den.
Jaungoikoak ez du inoiz norberaren askatasuna bortxatzen. Pixkanaka-pixkanaka joan da nirekiko duen maitasuna erakusten, eta otoitzaren eta berarekiko tratuaren bitartez nire alde egin duen guztia ikusi ahal izan dut. Gauzak galdetzen joan naiz eta erantzunak bidali dizkit. Ez zait agertu. Ez dut berarekin hitz egin, baina seinaleak bidali dizkit. Eta bakea, bake handia. Jaungoikoarengandik badator, bakea dakar.

Erabakia hartzeko jaso duzu inoren gomendiorik?
Argi ikusi nuenean Jaungoikoak zer nahi zuen niretzat apaiz bati kontatu nion, eta oso gogoan dut hark emandako gomendioa. Seinalea jaso banuen aurrera egiteko bidean, eta jarraitzeko zuzen beste seinale bat jaso bitartean, behintzat. Asko akordatzen naiz berarekin.

Zer da, gaur-gaurkoz, moja izatea?
Kongregazioaren nolakotasunak zerikusi handia du horretan. Nik dakidana da nik ezagutzen ditudan mojak ez direla pelikula gehienetan agertzen diren modukoak. Ez dira gaiztoak eta mingotsak. Nire kongregazioko moja gehienak gazteak dira. Bizipoz eta indar handia dute, eta eskuzabaltasun handikoak dira. Hori da gehien erakartzen nauena. Pozik bizi dira. Nagusiagoak direnak ere bai. Noski errezetatzen dutela. Bizitza ematen dizun horrekin betetzen ez bazara, ezingo diezu besteei eman, baina mojek irakatsi egiten dute, ikasi egiten dute...

Ikaskide asko dituzu zuk bezala moja-postulatzaile sartzea erabaki dutenak?
Lagun oso handia dudan ikaskide bat aurreko urtean sartu zen, eta beste bat ekainean. Gu, esaterako, hiru laguneko taldea gara eta hirutik bi sartuko gara moja-postulatzaile. Hirugarrenak beste bide bat aukeratu du. Erabaki du Jaungoikoak beste zerbait nahi duela berarentzat; unibertsitatean ikastea, familia bat osatzea... Erabaki pertsonala eta askea da, guztiz.

Badituzu bi izeba moja. Zer moduz daude eta nola hartu dute zure erabakia?
Oso ondo daude, eta oso pozik hartu dute nire erabakiaren berri. Izeba Alaitz Donostian dago moja, eta Gabonetan eman nion nire erabakiaren berri. Asko poztu zen. Animoak eman zizkidan eta esan zidan otoitz egingo zuela nire alde. Izeba Itsaso moja karmeldarra da Avilan, eta idatziz jakinarazi nion. Oso pozik erantzun zidan hark ere. Pozten zela eta aurrera egiteko esan zidan. Hurrengo asteburuan joango gara bisitan.

Eta nola irudikatzen duzu zeure burua hemendik urte batzuetara?
Ez dut ideiarik ere! Unean unekoa bizi dut. Hemen eta orain bizi naiz, orainaldian. Bide bat hasi dut, eta izango da Jaunak nahi duena.

Erabakiaren berri eman ostean azalpen asko eman behar izan dituzu?
Ez pentsa. Nik badakit erabaki guztiz ezohikoa dela. Zein burutan sartzen da ikasketak amaitu berri dituen 18 urteko neska batek erabakitzea leku batean bakartu nahi duela? Ulertzen dut jendeak ez ulertzea. Fedean oinarritzen ez den begirada batetik ez du zentzurik, baina kristautasunetik gertu dagoen jendeak poztasuna azaltzen du. Gainerakoek, batez ere, ezustea edo sorpresa. Inork esan dit ea zergatik ez ditudan lehenengo ikasketak egiten eta geroko utzi postulatua, baina zergatik emango diot Jaungoikoari sobran dudana? Gero karrera bat egin nahi dudala, ba aintza Jaungoikoari!

Eta etxean nola hartu dute albistea?
Gabonetan jakin zuten gurasoek, eta oso ondo hartu zuten. Oso oso pozik daude. Aitak baditu moja diren bi arreba eta badaki zer den. Oso babestuta sentitzen naiz. Anai-arrebei Aste Santuko oporretan esan nien. Pozik daude haiek ere. Egia da ahizpetako batek negar pixka bat egin zuela. Faltan sumatuko nauela esan zidan, baina normala da. Nik ere asko sumatuko ditut faltan guztiak, baina bisitan etortzeko aukera izango dute, eta hilean behin elkar ikusteko aukera izango dugu.

Gainerakoan, nola ikusten duzu gaur egungo gizartea?
Gizartea oso kaltetuta dago. Jendea ez da gaiztoa, ez dut hori uste. Jendeak gabezia handiak ditu. Ez soilik Jaungoikoarekiko loturari dagokionez, baita ere giza tratua dela eta. Oztopo, aurreiritzi eta beldur handiak daude. Mina ikusten dut, eta maitasun falta ere bai. Indibidualismoa nagusitu da. Eskuzabala den jendea ere ikusten dut, baina indibidualismoa gailendu da eta jendeak zauri handiak ditu. Zoriontsuak izatera deituak gara, baina ez gara zoriontsuak. Gauza asko ditugu zoriontsu izateko, baina, aldi berean, ez dugu ezer.

Gaurkotasunarekin lotuta etorri dira abortuaren legea, eutanasiaren legea... Zer iritzi duzu?
Ni neuk uste dut ezin dugula erabaki noiz amaitu pertsona baten bizitza. Pertsona bat asko sufritzen ari bada, ahalik eta gehien lagundu behar diogu. Lege hau zama bat gainetik kentzea bezala da. Ezagutu ditut eutanasiaren alde egon eta gero –etxean senitarteko bati tokatu zaionean– pausoa eman ez dutenak. Sufritzen dagoenari gure maitasun guztia eman behar diogu. Une horretan hor egon behar da. Abortuarekin gauza bera gertatzen da. Kontzepzioaren momentutik bizitza bat da. Ulertzen dut bortxatua izan den emakumearentzat –beti jartzen dute kasu bera– oso zaila izango litzatekeela haurra izatea. Baina umeak ez du errurik. Emakumeak ere ez, noski.

---

Gotzaina Elgetan izan zen domekan

Gotzainak ematen du sendotzaren sakramentua, eta Maria Egizabalen anaietako bik –Martin eta Pablo– hartu zuten domekan. Hori dela-eta izan zen Elgetan Gipuzkoako elizbarrutiko gotzain Jose Ignacio Munilla. Herriko parroko Juan Cruz Juaristik laguntzaile lanak egin zituen. Anaiarik txikienak, Mikel Josek, jaunartzea egin zuen.

Egizabal-Barrachina sendia gotzainarekin eta parrokoarekin.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak