Karabietan aparkalekuak egokituko dituzte

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko uzt. 23a, 08:08

Uztaileko udal osoko bilkura, martitzenean.

Jabe berriak ditu arau urbanistikoetan erabilera komunitarioko izaera duen lursailak, eta, ostalaritza zerbitzurik zabaltzeko asmorik ez dutenez, irtenbide hori adostu du Udalak. Oposizioak ados ez dagoela adierazi zuen osoko bilkuran.

Elgetako udalbatzak martitzenean egin zuen uztaileko ohiko osoko bilkura, eta udal ordezkariek hainbat gai izan zituzten mahai gainean; tartean, Karabietako txabolarekin lotutakoa.

Ez zen adostasunik egon Karabietako parajeko erabilera komunitariorako lursaila uzteko hitzarmena onartzerakoan. Alkateak gogorarazi zuen urte luzez paraje horretako partzelari ostalaritza erabilera eman zitzaiola. "Utzita egon da denbora mordoxka batean, baina orain jabe berriak dauzka, eta jabe berri horrek moldaketa-lan batzuk egin ditu bere baimen guztiekin".

Arau urbanistikoaren arabera, ordea, lursail horrek zerbitzu publikoa emateko betekizuna du. "Lehenagoko jabeekin hori garbi gelditu zen, baina salerosketa egin dute, eta jabe berriek ez zuten horren berririk (...) Aukeretako bat zen lehen moduan merendero moduko bat jartzea, baina ez zen oraingo jabeen intentzioa, eta aztertzen egon gara ze onura publiko eman Elgetari.

Pare bat bilera egin eta gero adostutako aukera bat izan da terrenoak bidearen kontra muga egiten duen espazioan lautada bat egokitzea autoak aparkatzeko", azaldu zuen alkateak. Paseatzera joaten den jendeak autoak bide bazterrean nahiko gaizki aparkatuta uzten dituela esan zuen Lazkanok. "Arazo horri konponbide bat emateko modua izango litzateke aparkalekua".

Oposizioak ez zuen proposamenarekin bat egin, eta bere desadostasuna azaldu zuen. Ez dute begi onez ikusten txabolaren jabetza izaera pribatukoa izatera pasatzea eta trukean aparkaleku bat egitea. Erantzuna izan zen arauek ez dutela jasotzen zer-nolako erabilera publikoa eman behar duen terreno horrek. EAJko ordezkariek gaia hobeto aztertzeko premia zegoela esan zuten. Proposamenak, ordea, aurrera egin zuen, euren kontrako botoekin.

Kolunbarioen ordenantza

2020ko martxoan eman zion hasierako onarpena indarrean den ordenantzari jardunean den udalbatzak. "Oraintxe puntuan okupatu da lehenengo kolunbarioa, eta, beti gertatzen den bezala, erabilerak zalantza batzuk sortarazten ditu", azaldu zuen Iraitz Lazkano alkateak.

Horrenbestez, bi dira aho batez onartu diren aldaketa nagusiak: alde batetik, eta nahikoa espazio dagoela ikusita, kolunbario bakoitzeko bi errauts-kutxa sartzeko aukera egongo da aurrerantzean. "Bat sartzeko diseinatu zen, baina ikusi dugu bi ondo sartzen direla. Eskaera egon da, eta uste dugu espazioa edukita ez daukala inongo gorabeherarik". Bigarren aldaketak erabilpen epealdiarekin du zerikusia. "Harrespil enpresarekin egiten dugu hilerriko kudeaketa, eta azaldu digute hasiera batean jarrita daukagun hamar urteko emakida oso laburra dela. Proposamena da hogei urterako izatea, eskaera eginez gero beste hamar luzatzeko aukerarekin". Esan bezala, aldaketok aho batez onartu ziren.

Hiri-altzarien mantentze-lanak

Amaieran, hiri-altzarien mantentze- lanen inguruan galdetu zuen oposizioko bozeramaile Aintzane Oiarbidek. "8.000 euroko partida handitzeko eta erabiltzeko eskatu genuen maiatzean", esan zuen. Alkateak erantzun zion partida hori handitu egin zela eta udal brigadako langileak hasita zeudela barandak margotzen, baina hirutik bi konfinatuta daudela eta lanak, oraingoz, etenda daudela. Erantzunak ez zuen Oiarbide asebete. Bankuen egoeraren gainean ere galdetu zuen, eta esan zioten lanak egiteke zeudela. Eskatu zuen lehentasuna emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak