Euskara ikasten jarraitzeko aukera berria urritik aurrera

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko uzt. 19a, 07:58

Irakurketa saioa Elgetako liburutegian.

Elgetan Berbetan egitasmoaren baitan ikasturteotan martxan izan diren ekimenei A2 mailako euskara ikastaroa gehituko zaie urrian. Zabalik da aurre-izenematea egiteko aukera. Matrikula ordaintzeko dirulaguntzak ere aurreikusten dira.

A2 mailari dagokion euskara ikastaroa izango da. Taldea osatzen bada, urritik ekainera bitartean egingo da, eta astean behin bi orduko saioak izango dira. "Oinarrizko maila da; izan ere, bigarren urratsa da. Hala, ezagutza pixka bat behar da, baina oinarrizkoa", azaldu du Elgetan Berbetan egitasmoko koordinatzaile Geaxi Ezpeletak. "Taldea osatzen bada, AEK-ko irakasle bat etorriko da Elgetara astean behin. Oraingoz, ez daude definituta ez asteko eguna ez ordutegia. Izena ematen dutenekin zehaztuko dira horiek". Uematik egiten den eskaintza da, eta matrikula 119,40 euro da. Dena den, HABEk ematen duen dirulaguntza jasotzeko aukera dago. "Ikaslearen asistentzia maila %75ekoa izatera iristen bada, matrikularen %80 itzuliko zaio, eta, horrez gainera, maila gainditzen badu, %100 berreskuratuko du".

Udalak, bestetik, martxan du euskara ikasteko urtero egiten duen dirulaguntza deialdia. Elgetan erroldatutako 16 urtetik gorakoei zuzenduta dago, eta Elgetan zein Elgetatik kanpo egindako euskara ikastaroetarako da. Matrikularen %80rainoko kopurua berreskuratzeko aukera ematen du.

Euskararekin hasi berriendako

Euskara ikastaro berria sortuko da, aurreko ikasturteotan Euskara Lagun taldetik zein liburutegiko irakurketa saioetatik jasotako esperientziatik abiatuta. "Euskara Lagun taldea bi ikasturtez izan dugu martxan. Auzoko estiloko euskara taldea da, eta aurten, esaterako, hiru lagunek hartu dute parte. Iaz, lau izan ziren. Ez da ikastaro ofiziala. Ez dugu idatzizkoa zein gramatika lantzen. Ahozkotasunera bideratuta dago, eta oinarri-oinarrizko edukiak lantzen ditugu; euskararen aurkezpena egiten dugu, eta ikasten ditugu egun on, agur, ez dut ulertzen, astiro egin berba, mesedez... eta antzerakoak. Hiztegi oso basikoa lantzen dugu. Helburua da lehenengo kontaktua, gutxienez, euskaraz egiteko gai izatea".

Liburutegiko irakurketa saioek, berriz, formatu berria izan dute ikasturte honetan, eta A1 mailako irakurketak landu dituzte. "Literatura solasaldiak egiten genituen aurretik, baina izenematean jaitsiera izan zen eta oinarrizkoagoa den dinamika batekin proba egitea pentsatu genuen. Hala, irakurketa mailakatukoak diren liburuak hartu ditugu oinarri aurten, eta landu ditugu, batez ere, ulermena, hiztegia, ahoz gorako irakurketa... Bi bidelagun eta bi bidelari ibili dira ikasturte honetan, eta astean ordubeteko saioa egin dute. Proba pilotua izan da, eta hurrengo ikasturtean izena emateko deialdi irekia egingo dugu", azaldu du Ezpeletak.

Elgetan Berbetan egitasmoa

Aurrera jarraituko du, baita ere, Elgetan Berbetan egitasmoak. Berbalagun taldeak osatzea da dinamika honen helburu nagusia; bidelariak eta bidelagunak astean behin elkartzea ordubeteko mintzapraktika egiteko. Egitasmoa 2015eko azaroan jarri zen martxan, hiru talderekin. Ordutik ez du etenik izan, pandemia egoerak eragindako tartea kontuan hartu barik, noski. "Hamasei bat lagun ibili dira amaitu berria den ikasturte honetan; ohiko mintzalagun taldeak bi izan dira. Horri Hikalagun taldea gehitu behar zaio. Gurasolagun talde bat ere egon da martxan epealdi batean. Kasu honetan, bidelaguna badago, eta, inor animatuko balitz, mintzapraktika saioak berriz martxan jartzeko aukera egongo litzateke", esan du Ezpeletak. Gainerakoan, bidelagun premia dagoela azpimarratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak