Udalak balorazio positiboa egiten du jaiek beharko zuketen egunetarako antolatutako egitarauak izandako harrerarekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko uzt. 9a, 09:23

Arrasateko gaiteroak Jon Markiegiren erraldoiarekin San Roke kaletik behera, zapatuan.

Arauak mantentzeko moduko ekintza sorta programatu ostean, Udalak balorazio positiboa egin du."Orokorrean, arauak nahiko ondo mantendu dira, salbuespenak salbuespen", esan du Iraitz Lazkano alkateak.

Barikuan eman zioten hasiera jaien ordez Udalak iragarritako ekintzen egitarauari. 11:00etan, puzgarriak eta jolasak jarri zituzten, eta egun osoan jardun zuten haurrek jolasean. Adinaren arabera banatu zituzten guneak: txikienak plazan aritu ziren eta nagusiagoak, kantxan. "Protokoloak zorrotz bete ziren, eta oso-oso gustura gaude, alde horretatik. Eguzkiak gehien jo zuen unean puzgarri batzuk ezin izan ziren erabili, beroagatik, baina, gainerakoan, gustura ibili ziren denak", azaldu du Iraitz Lazkano alkateak.

Eguerdian, harri-jasotze erakustaldia egin zuten, frontoian, Imanol Albizu Goikoetxe-k eta Karmele Gisasolak. 40 bat lagunen aurrean jardun zuten, eta pozgarria izan zen herriko harakina berriz ere plazako lanetan ikustea. Arratsaldean, berriz, linea edo bingo egiten saiatu ziren erretiratuak, Espaloian. Ez dute pandemia garaian ia ekitaldirik eduki, eta, neurriak beteta bada ere, berriz elkartzeko aukera izan zuten.

Zapatuan, esna-deia

Arrasateko gaiteroen bisita herri osoan sumatu zen. Kalez kale ibili ziren zapatu goizean. Eguerdian, berriz, harrera ekitaldia jaso zuten 2019ko ekainetik hona jaiotako hogei bat neska-mutikok. Talde argazkiak ere ez ziren falta izan. Azkenik, iluntzean, Burrunba elektrotxarangak egindako emanaldian 40 bat lagun elkartu ziren.

Domekan, azoka eta bertsoak

Domekan, nola ez, azoka egin zen. Pozik ekoizleak eta pozik bisitariak. "Egia esan, ilusio handiz hartu genuen azokari berriz ekiteko Elgetako Udalaren erabakia. Beti zaindu izan dute asko azoka hau; ze ekoizle, nongoak, ze produkturekin… Eta halako azoka zaindu bat berriz martxan jartzea poz handia da", esan zuen Antzuolako Pikunieta baserriko Josebe Blancok. Udalak ere egun horien inguruko balorazio positiboa egin du. "Orokorrean, arauak nahiko ondo mantendu dira, salbuespenak salbuespen", esan du alkateak. Hurrengo urtean jaiak ospatzeko moduan egotea da esperantza.

---

Baserritarren eta artisauen azoka

Hamabost bat postuk osatu zuten domeka goizean plazan egindako azoka. Deba bailarako ekoizleak izan ziren guztiak, eta askotariko produktuak eskaini zituzten. Ekitaldi jendetsuenetakoa izan zen.

Bingoan, aspaldiko partez

45 bat erretiratu elkartu ziren, barikuan, Espaloian. Bingoan egin ostean, gustura entzun zituzten
Arkaitz eta Agurtzane trikitilariak.

Eguenean, mozorroak kalean

Udalak antolatutako ekintzarik izan ez bazen ere, eguenean hainbat kuadrilla mozorrotuta irten
ziren. Brindisik eta alkate txikirik gabe, baina mozorro jaitsiera espontaneoa egin zuten hainbat lagunek Salbador kalean behera.

Kronika, argazki galeria eta bideo gehiago hemen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak