"Bakoitzak izan beharko luke nahi duen modukoa"

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko uzt. 2a, 07:48

Markel Ojanguren eta Jon San Vicente, martitzenean, Elgetako liburutegian.

Botereak ezartzen dituen identitateez eta gizartean nagusi den genero binarismoaz aritu ziren martitzenean Jon San Vicente eta Markel Ojanguren. Boterea, sexualitatea eta Queer teoriak izeneko hitzaldia egin zuten liburutegian. Bete egin zuten aretoa

"Jaiotzen garen unetik askotariko arauak, itxaropenak eta ideiak inposatzen dizkigute nolakoak izan behar dugun ezartzeko, eta botere sistema oso bat dago esaten diguna zer den normala eta zer ez. Gorputz batzuk, bizimodu batzuk… normalak dira, eta beste batzuk kanpoan gelditzen dira", azaldu zuen martitzenean Jon San Vicente ikerlari eibartarrak.

Botereak sortzen dituen identitateei buruz aritu zen Markel Ojanguren elgetarrarekin batera. "Identitate horiek, gainera, iraunkor edo estatiko moduan aurkezten dizkigute, baina malguak eta aldakorrak dira. Eta eraikiak dira. Zergatik izan behar du pertsona batek, esaterako, une oro heterosexuala edo une oro homosexuala?".

Ikuspegi berriak zabaltzearen premiaz aritu ziren. "Tramite burokratikoetarako, adibidez, genero normatibo batean posizionatzeko eskatzen dizute", esan zuen Ojangurenek. "Binarismo eta dikotomia hori apurtu egin behar da".

Bestelako aukerak aldarrikatu

Etiketa gutxiago eta askatasun handiagoa aldarrikatu zuten San Vicentek eta Ojangurenek. "Gizon etiketak dakar, esaterako, izan behar dela maskulinoa, heterosexuala, sexu-harreman askorekin, eta, gainera, rol aktiboarekin… Baina zergatik ezin da izan gizon bat femeninoa? Imajinatzen ez dena ez da existitzen eta existitzen ez dena ez da aukera bat. Horregatik da beharrezkoa bestelako aukera batzuk eskaintzea".

Egitekoen zerrenda

Gaia gizarteratzea eta medikuntzak ezarritako identitate normatiboak apurtzea ezinbestekotzat jotzen dute San Vicentek eta Ojangurenek. Eta frogatzea identitateak ez direla estatikoak, eta ez dutela zertan normatiboak izan. "Aukera egon beharko litzateke bakoitza izateko berak nahi duen modukoa".

Material bibliografikoa liburutegian

Askotariko material bibliografikoa izan zen ikusgai liburutegian hitzaldia amaitu ostean. Horien artean ziren Michel Foucault, Anne Fausto- Sterling eta Judith Butler autoreen lanak, besteak beste. San Vicenteren eta Ojangurenen saioak interesa sortu zuen. Hogeita bi lagun joan ziren hitzaldira, eta udal liburutegiko edukiera bete egin zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak