Ferixa Nagusiko jaiak ospatuko ez diren arren, domeka goizean hamasei postuz osatutako azoka jarriko dute ekoizle parte-hartzaileek plazan. Irailean egindako herriko ekoizleen azokaren antza edukiko du asteburukoak. "Zirkuitu moduan antolatuko dugu, sarrera jarriz, distantziak mantenduz eta plaza osotasunean hartuz", adierazi du Elgetako Baserritarren batzordeko buruak, Sebas Arantzabalek. Gelak, maskara erabiltzeko seinaleak eta ibilbidea jarraitzeko marrak egongo direla ere aipatu du, gainera.
Hori horrela, herriko ekoizleek baserriko ogia, eztia, artisau garagardoa eta artisau produktuak jarriko dituzte erosgai, besteak beste. Debagoieneko baserritarren batek ere ekarriko du jeneroa; Bergarako Ziarreta baserrikoek eta Rakel Perez de Arenaza arrasatearrak, kasu. Txakolin eskaintza Oñatiko Murgialdaitik etorriko da, eta, eskualdeko sagardogileen faltan, elgoibartar jatorria edukiko du sagardoak.
Baserriko jeneroari dagokionez, azken bi asteak txarrak izan direla azaldu du plazako ferian egongo den Arantzabalek: "Tenperatura hotzen eta hezetasunaren ondorioz, ondo zetozen barazkiak gelditu egin dira". Hala ere, kalabazinak, zerbak, letxugak, patatak eta berotegietako tomateak erosteko aukera egongo dela ziurtatu du Elgetako ekoizleak.
DOMEKA GOIZEKO AZOKAN ELGETAKO EKOIZLEAK ETA BAILARAKOAK EGONGO DIRA
Sarrerak, momentuan ere bai
Ekintzaz betetako asteburua daukate aurretik herrian. Gaur, puzgarriak, jolasak, harri-jasotzaileak frontoian, meza, bingoa eta trikitia egongo dira egunean zehar; bihar, berriz, dultzaineroak ibiliko dira goizez eta elek-trotxaranga Espaloian arratsaldez, jaioberriei harrera egingo zaiela ahaztu gabe; eta domekan, feriaz gain, Ez da kasualitatea bertso saioaz gozatzeko aukera eskainiko dute Espaloian.
Harri-jasotzaileen hitzordua, elektrotxaranga eta bertso-saioa edukiera mugatukoak izango direnez, sarrerak aurrez hartu ahalko dira Udalaren webgunean, baina momentuan bertan eskuratzea posible izango dela adierazi du Ane Bilbao, Kultura zinegotziak.
Jatetxeak, "ia beteta"
Ezohiko Ferixa Nagusia izanagatik ere, herrian giro polita egotea espero dute asteburuan zehar, eguraldiak lagunduko duelakoan. Gaurko eta biharko "mugimendu handia" espero dute Elgetako ostalariek euren establezimenduetan. Kuadrillek mahaiak erreserbatu dituztela-eta, jateko toki gutxi daude libre astebururako; akaso, ostirala eta zapatua baino lasaiagoa izatea aurreikusten dute domeka. Feriara ere herritarrak eta inguruko jendea hurbiltzearekin "nahikoa" izango dutela diote ekoizleek, ganadurik egongo ez denez, "ohikoa baino bisitari gutxiagorekin eta lasaiago" ibiliko direlakoan.
Goienak, programa berezia
Elgetarrek asteburua nola bizi duten kontatuko du Goiena telebistak, Maider Arregik gidatutako saioan. Elgetan 30 urtez trikiti eskolak eman dituen Adolfo Jainaga izango du aurkezleak bidelagun, eta, aurreratu duenez, "Elgetako trikiti eta pandero eskolako ikasleek bi pieza joko dituzte".
Jainagaz gain, protagonista izango da urtero mozorrotzeko ohitura handia duen kuadrilla bat, baita aurten harri-jasotze erakustaldia egingo duen Imanol Albizu Goikoetxe ere. Eta programa borobiltzeko, Unai Cantabrana gazteak pieza bat eskaini eta kalez kale zirikatuko ditu herritarrak Aitor Agirianok, mikroa eskuan.
Ikusteko moduko saioa prestatu du Goienak, beraz. Gaur bertan, iluntzean, emitituko da telebistan, 18:00etan, 20:00etan eta 22:00etan.