"Normalean, urtarrilean jartzen da martxan Ferixa Nagusiko Jai Batzordea, baina aurten, azken unera arte egon gara zain. Zerbaitetan hasi bai, baina ezer gutxi zehaztu barik egon gara ikusi arte, gutxienez, pandemiaren egoera zein den eta bete beharreko neurriak zeintzuk diren", azaldu du Kultura zinegotzi Ane Bilbaok.
Antolatutako ekintzak, bestalde, neurriak betetzeko modukoak direla azpimarratu du udal ordezkariak. "Hori izan da irizpide nagusietako bat. Jendeak errespetatu egin ditu neurriak orain arte, eta ez dut uste orain arazorik egongo denik, baina ekintza gehienak Espaloian eta frontoian izango dira, eta plaza kopuru mugatuarekin. Beraz, gozatu ingurukoekin, baina, betiere, arduraz jokatuta".
Sarrerak udaletxean astelehenetik aurrera
Harri-jasotze erakustaldia frontoian izango da, erretiratuendako bingo saioa eta trikiti emanaldia Espaloian eta ume jaioberriei egindako ongietorri ekitaldi biak ere antzokian. Burrunba elektrotxarangaren emanaldia zein Ez da kasualitatea bertso saio musikatua ere Espaloian izango dira. "Frontoian 150 lagun sar daitezke, eta antzokian 90. Sarrerak doan izango dira, eta udaletxean jasotzeko aukera egongo da astelehenetik aurrera", azaldu du Bilbaok. "Lekurik badago, egunean bertan ere eskuragarri egongo dira sarrerak atean", zehaztu du.
Miren eta Arkaitz trikitilari bikotea ezaguna da aurretik ere Elgetan. Urtero girotzen dute erretiratuen bazkalostea. "Burrunga elektrotxaranga iazko jaietarako lotu genuen. Ez zen jairik egin, eta konpromisoa hartu genuen kontratua bertan behera utzi barik hurrengo posible zenean programatuko genituela. Aretoetarako egokitutako emanaldia dute, eta hori eskainiko dute zapatu arratsaldean. Berezia izango da elektrotxaranga bat eserita ikustea, baina horrela beharko du aurten", esan du Bilbaok.
Ez da kasualitatea bertso saio musikatuan, berriz, lau emakumek egingo dute bertsotan eta gai-jartzailea ere emakumezkoa izango da. Bertsotan egingo dute Oihane Iguaranek, Ainhoa Agirreazaldegik, Maider Arregik eta Ane Labakak. Gai-jartzaile lanak, berriz, Amaia Agirrek egingo ditu.
Umeak ere protagonista
Jaietako barikua umeen eta erretiratuen eguna izan ohi da Elgetan. Aurten ere bi kolektibo horiek izango dira protagonista barikuarekin. Eguraldiak laguntzen badu, umeendako puzgarriak eta jolasak izango dira goizez zein arratsaldez.
Aire zabalean egingo da eskaintza hori –plazan zein kantxan–, eta eguraldiak laguntzen ez badu, bertan behera geldituko da. Hala zehaztu du Udalak. Jaioberriak ere protagonista izango dira.
Iaz ongietorri ekitaldirik jaso ez zutenek 12:00etan dute hitzordua Espaloian. 2020ko ekainetik 2021eko ekainera bitartean jaiotakoek, berriz, 13:00etan. Hamaika dira lehen taldean eta hamahiru bigarrenean. "Oraintxe bidali ditugu gonbidapenak, eta ikusiko dugu parte hartzera animatzen diren. Harrera ona izaten duen ekitaldia izaten da", esan du Bilbaok. Haur horiek jasoko dituzten jaietako zapi moreak dagoeneko prest dira, eta ekitaldiak urteroko formatua izango du. Aldaketa bakarra da antzokian egingo dela, udaletxeko areto nagusian egin beharrean.
Gozatu, arduraz
Kultura segurua dela azpimarratu du Kultura zinegotziak. Udalaren mezua, bestetik, argia da. "Arduraz eta errespetuz jokatzea izango da hemen gako nagusia", esan du. "Denok dugu normaltasunera itzultzeko gogoa, eta normala da, baina ez gaude, oraindik, egoera normalean, eta neurriak mantendu beharko ditugu. Horrela izango delakoan nago. Horrela izan da orain arte. Beraz, gozatu ingurukoekin, baina neurriak errespetatuz".
Jaien ordezko egitaraua
Uztailak 2, barikua
• 11:00 Puzgarriak eta jolasak. Plazan eta kantxan.
• 12:00 Harri-jasotzaileak: Imanol Albizu eta Karmele Gisasola. Frontoian
• 13:00 Meza. Xalbadorpe erretiratuen elkarteak antolatuta.
• 15:30 Puzgarriak eta jolasak. Plazan eta kantxan.
• 16:00 Erretiratuendako bingoa eta trikitilariak, Espaloian.
Uztailak 3, zapatua
• 11:15 Esna deia dultzaineroekin.
• 12:00 Harrera jaioberriei. Bi txandatan.
• 18:00 Burrunba elektrotxaranga, Espaloian.
Uztailak 4, domeka
• 09:00 Azoka. Plazan.
• 18:00 'Ez da kasualitatea' saioa. Espaloian.