56.991 euroko superabitarekin itxi du 2020ko ekitaldia Elgetako Udalak

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko mai. 28a, 12:25

Udal ordezkariak eta idazkaria, martitzenean egindako osoko bilkuran; ez zen ordezkari jeltzalerik egon.

Positiboan itxi du 2020ko ekitaldia Elgetako Udalak, eta 102.000 euroko gerakina geldituko da, orotara. Bestalde, Eulen enpresak jarraituko du eguneko zentroa kudeatzen, eta Oier Zuñiga artista iruindarrak egonaldi artistikoa egingo du herrian.

Martitzenean elkartu zen Elgetako udalbatza. Gotzon Goikoetxea idazkaria eta EH Bilduko sei udal ordezkariak elkartu ziren. Lanagatik zein arrazoi pertsonalengatik ez zen EAJko ordezkaririk izan.

Hainbat puntu zeuden gai zerrendan; horien artean, 2020ko aurrekontuaren likidazioa onartzea. Udalbatzak 2019ko abenduan onartu zuen 2020ko aurrekontua, eta, hasiera batean, 1.728.293 eurokoa zen.

Bi obra handi egiteke

56.991,77 euroko superabitarekin itxi du ekitaldia Elgetako Udalak. "2020a nahiko urte xelebrea izan da denondako eta denerako, eta, artean ere, azpimarratu nahi dut likidazioak erakusten duen argazkia dela oso aurrekontu orekatu batena", azaldu zuen osoko bilkuran Iraitz Lazkano alkateak. "Eduki ditugun sarreren eta gastuen arteko aldea oso txikia izan da; 30.000 euro ingurukoa. Hala ere, espero baino gutxiago izan da exekutatu dena. Bi obra handi ez egitea erabaki genuen: eskolako teilatua eta San Roke kaleko irisgarritasun lanak".

Lazkanok azaldu zuen 1.495.000 euro exekutatu direla, aurrekontuan aurreikusitakoen %83. "Normalean, exekuzio maila %95 ingurukoa izaten da. Kontuan hartzekoak dira exekutatu ez diren obra handi horien kopuruak".

Lazkanok erreferentzia egin zion, baita ere, Foru Aldundiko Foru Fondoaren bilakaerari. "Hasiera batean, esan ziguten aurreikusitakoa baino diru gutxiago helduko zela. %20 gutxiago kobratuko genuela esan ziguten, eta aurreikusten genuen hogei bat mila euroko galerak izatea, baina, azkenean, esandakoa baino gehiago heldu da, eta superabita egon da. Orotara, gerakinean 102.000 euro geldituko dira".

COVID egoerak eragindako gorabeherak tarteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi zuen bertan behera utziko zituela udalek bete beharreko gastu araua zein zor biziaren inguruko betekizunak 2020 eta 2021 ekitaldietarako. "Dena den, bi puntu horiek betetzen dira aurten", azaldu zuen Gotzon Goikoetxea idazkariak osoko bilkuran. "Zor bizia %29koa da", zehaztu zuen.

Bestelakoa izango da egoera, ziurrenik, 2021eko udal aurrekontuaren likidaziorako. "Gastuen kapitulua dezente jaitsi da 2020an, eta normalena izango da 2021an igoera izatea".

Eulen, eguneko zentroan

2020ko aurrekontuaren likidazioa aho batez onartu ostean, eguneko zentroko zerbitzuaren esleipena egitea izan zuten mahai gainean udal ordezkariek. Enpresa bakarra aurkeztu da lehiaketa publikora: aurreko urteotan ere zerbitzua eman duen Eulen zerbitzu soziosanitarioen enpresa, hain zuzen ere. Urtebeterako berritu diote esleipena, eta, gehienez ere, lau urtez luzagarri da.

'Geuretik sortuak' egitasmoa

Kultura alorrean, berriz, Udalbiltzatik bultzatutako Geuretik sortuak egitasmoarekin bat egin du Elgetako Udalak. "Krisi sakonean dagoen kultura arloa suspertzeko eta euskara uztartzeko ekimena da, eta ikusita %100 datorrela bat lehendik ere sormenari garrantzia emateko genuen ideiarekin, interesa sortu digu proiektuak hasieratik", azaldu zuen Lazkanok.

Elgetako Udalak 3.625,72 euro inbertituko ditu aurten, eta 4.419,39 euro hurrengo urtean. Hala, bi urtean egiteko ekarpena izango da.

Euskal Herriko hainbat herritan garatuko du Geureak sortuak programa Udalbiltzak. Urtarrilean ireki zuten artisten beka deialdia, eta 73 proposamen artistiko jaso zituzten: 21 literatura lan, 24 antzezlan eta 28 film labur. Jasotako proposamen artistikoen artean, Oier Zuñiga margolari eta aktore iruindarrarena aukeratu dute Bergara, Elgeta eta Antzuolarako. Geuretik sortuak ekimeneko arduradun Libe Hernandok azaldu du dolua gaitzat hartuta antzerkia eta dantza fusionatzen duen ikuskizuna sortuko duela Zuñigak. "Lanak egiteko epe ezberdinak izango dira. Antzerkiaren alorrekoek urtarrilerako bukatuta egon behar dute, eta otsailetik aurrera taularatzea litzateke asmoa". 

Hala, hiru herriek elkarlanean hiru asteko egonaldia artistikoa eskainiko diote Zuñigari eta haren lantaldeari. "Hiru herrien artean adostuko dugu leku bakoitzean zenbat denbora egingo duten. Herriaren konpromisoa da lan-lekua eta lo-lekua eskaintzea antzezleei", azaldu du Kultura zinegotzi Ane Bilbaok. 

Hiru lagun izango dira taula gainean, eta antzezlana prest dagoenean hiru herrietan egingo dituzte emanaldiak. Ez hori bakarrik, Zuñigaren antzezlanarekin batera beste lau kultura hitzordu ekarriko ditu Elgetara Geureak sortuak programak: hiru antzezlan eta liburu baten aurkezpena. Guztiak izango dira beka-deialdiaren ondorioz sorturikoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak