Eskoletako jangela ereduaren gaineko saioa, eguaztenean, Espaloian

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko mai. 26a, 12:38

Zabalik da jangela ereduaren gaineko debatea, eta Elgetan ere badira gurasoak eredu aldaketa aztertzeko eskaera egin dutenak. Ereindajanek eta Maala guraso elkarteak antolatuta, familientzako elikadura eskola izango da eguaztenean, hilak 2.

Bidezko Elikadura erakundeko koordinatzaile Eneko Viñuela gonbidatu dute. "Azken urteetan ibilbide luzea egin du Euskal Herriko zein nazioarte mailako jangela ereduak ezagutzen, eta baita ere gurean indarrean den araudia aldatzeko", azaldu du Ereindajaneko kide Ainhoa Narbaizak. "Jangela ereduen berri emango du, eta azalduko du nola lortu duten beste ikastetxe batzuetan bertako produktuekin lan egitea, sukalde propioa jartzea, eredua aldatzea...".

Saioa 18:00etan hasiko da, antzokian. Eskolako umeentzako, berriz, txiki-gunea antolatu dute. Katiuska dinamizatzailearekin sukaldaritza tailerrak, jolas libreak... egingo dituzte. COVID neurriak direla eta, Elgetako 3-12 urte arteko neska-mutikoei zuzendutako ekintza izango da. Edozelan ere, beharrezkoa da aurrez izena ematea, elgetakogurasoelkartea@gmail.com helbidean.

Elikabira sentsibilizazio kanpaina

Elgetako saioa Ereindajan kooperatibako kideek abian jarritako Elikabira sentsibilizazio kanpainaren abiapuntua izango da, eta ez da Elgetara mugatuko. 

Hala, ekainaren 27tik aurrera bisitak antolatu dituzte eskualdeko etxaldeetara. Hainbat helburu ditu ekimenak: eskualdeko kontsumitzaile eta ekoizleen arteko harremana indartzea, ekoizle ezberdinen ogibidea, produktuak eta etxaldea ezagutzea, ekoizpen ekologikoa, salmenta zuzena, ekoizpen proiektu txikiak, eskualdeko txokoak bultzatzea, eta abar.

Bisita horiek ekainaren 27an egingo dituzte, 10:00etatik 13:00etara. Ekoizleen azalpenak entzuteko aukeraz gain, dastaketa eta fruitu bilketarako aukera ere egongo da. Ekintzan parte hartuko duten etxaldeak honakoak dira:

  • Atxineta baserria (Aramaio). Frutagintza eta abeltzaintza (ahabiak, oreinak...). Gazteleraz.
  • Errastiko ogia (Arrasate). Ogi ekoizlea. Euskaraz.
  • Mendibitzu baserria (Aretxabaleta). Abeltzaintza (ardiak, zaldiak, behiak...). Euskaraz.
  • Ziarreta baserria (Bergara). Baratzea. Euskaraz.
  • Iturrieta baserria (Aramaio) Frutagintza, sagardoa. Euskaraz.

Interesatuek esteka honetan eman behar dute izena. Edozein argibide behar izanez gero idatzi jangelak@ereindajan.eus helbidera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak