Ia lau hamarkada Elgetan odol-ateratzeak ahalbidetzen

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko mai. 24a, 09:10

Mariasun Agirre eta Karmen Ojangurenek 39 urtez egin dituzte Gipuzkoako Odol Emaileen elkarteko delegatu lanak Elgetan.

Gipuzkoako odol-emaileen elkartearen bitartez antolatuta, urtean bi aldiz egiten dira odol-ateratzeak Elgetan. 39 urte dira ekimena martxan dela, eta laster hartuko dute erreleboa hainbeste urtean ardura hori izan duten herriko boluntarioek.

Kontabilitate-koaderno txiki bat dute ondo gordeta Mariasun Agirrek eta Karmen Ojangurenek. Bertan jasota dagoenez, 1982ko maiatzaren 16an abiatu ziren odol-ateratzeak Elgetan. "Odola ematera Bergarara jaisten zen herritar batek egin zigun proposamena orduko Ozkarbi elkarteko kultura saileko ordezkarioi. Uste zuen interesgarria izan zitekeela Elgetan ere odol-ateratzeak egitea, eta ontzat eman genuen. Bergarara jaitsi, Donostiako arduradunekin harremanetan jarri eta hitzaldi bat antolatu genuen".

Ordutik, urtean birritan egin dira odol-ateratzeak herrian. Mariasun Agirrek eta Karmen Ojangurenek egin dituzte delegatu lanak. Biek dute gogoan hasiera batean medikuaren kontsultan egiten zirela odol-ateratzeak. "Elgetarrek beti erantzun dute oso ondo, eta kontsulta txiki gelditu zen. Orduan hasi ginen odol-ateratzeak udaletxean egiten".

Teknologia berriek asko arindu dute boluntarioen lana, baina hasieran fitxa bat zegoen odol-emaile bakoitzeko, eta idatziz betetzen ziren. "Hori zen gure lanetako bat", azaltzen du Ojangurenek. Laguntzaile gehiago ere izan dituzte urteotan, eta eskerrak.

Gaur egun lanak dira Gipuzkoako arduradunekin kontaktua mantentzea, odol-ateratze egunetan espazioa gertu edukitzea eta odol-emaileendako askari txiki bat prestatzea. "Urtean hiru bilera izaten dira. Gero, egia da pandemia dela-eta ez garela azken saioetan egon".

Lekukoa uzteko unea

Agirreri eta Ojangureni heldu zaie, baina, lekukoa pasatzeko unea. Ozkarbi elkarteko zuzendaritzako kideek mahai gainean dute kontua. Bi boluntarioak pozik dira urteotan guztietan elgetarrengandik jasotako erantzunarekin. "Baremo batzuk daude, eta Elgetak datu oso onak izan ditu beti. Bilera guztietan aipatzen da. Hain zuzen ere, Elgetak 2008an jaso zuen Gipuzkoako odol-emaileen elkarteak emandako Zilarreko Odol Tanta. Aurten, bestalde, beste bi elgetarrek jasoko dute elkarteak ematen duen diploma berezia. Egindako odol-emate kopuruaren arabera banatzen dituzte".

Beti dago odol premia

Odola, oraingoz, ezin da inon fabrikatu. Osasunez ondo daudenek ematea da lortzeko bide bakarra. Horregatik da hain garrantzitsua odola ematea. "Pandemia zela-eta uste genuen bertan behera geldituko zela aurreko urteko apirileko saioa, baina interes handia zuten Elgetara ere etortzeko eta udaletxeko espazioari alternatiba topatzeko esan ziguten. Neurri bereziekin baina odol-ateratzeak egitera etorriko zirela". Hala, udaletxearekin harremanetan jarri eta gimnasioa leku aproposa izan zitekeela pentsatu zuten delegatuek. "Asko gustatu zaie elkarteko medikuei eta erizainei. Espazio handiagoa dago eta erosoago egiten dute lan".

Distantzia neurri bereziekin eta aurrez txanda hartuta egiten dira orain odol-ateratzeak. "Ordutegia ere aldatu egin da. Lehen 18.00etan hasten ziren, eta orain 16.30ean. Azken aldian ere 45 lagun gerturatu ziren odola ematera. Arrazoi desberdinengatik hiruk ezin izan zuten eman baina gainerakoek bai. Datu oso ona da".

18 urtetik aurrera has daiteke odola ematen eta hori 70 urtera arte osasunez ondo egonez gero. "Jende gazte asko gerturatzen da Elgetara, eta hori ere oso ona da", azaldu dute orain arteko bi delegatuek. "Horrela jarraitzea komeniko litzateke".

 

Pandemia egoera dela-eta gimnasioan egiten dira, orain, odol-ateratzeak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak