Elkarteek urte erditik gora daramate itxita

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko mai. 14a, 11:31

Intxorta elkarteko sarrerako atea, itxita dagoela adierazten duen oharrarekin.

Hamalau hilabete dira pandemia egoera ezarri zenetik, eta tarte horretan lau hilabetez bakarrik egon dira zabalik. Egoera ez da erraza, eta osasun datuek poliki-poliki hobera egitea espero dute berriz ere ateak zabaltzeko, laster.

Elgetan ere ekainetik urrira bitartean egon ziren zabalik Ozkarbi, Intxorta, Mendi Mendian eta Gure Borda. Segurtasun eta osasun neurri bereziak hartu behar izan zituzten Jaurlaritzak ezarritako protokoloa betetzeko. Hala eta guztiz ere, osasun egoerak berehala egin zuen okerrera, eta itxita daude, beste elkarte gastronomiko guztiak bezala, urrian onartutako dekretuak horrela aginduta. Biziberri III plangintzak jasotzen du itxita jarraituko dutela EAEko intzidentzia-tasa 150era iristen ez den bitartean.

Ozkarbi, Gure Borda eta Mendi Mendian elkarteetako ordezkariekin izan da GOIENA. Egoera ez da dramatikoa, baina sarrerarik gabe gastuak ordaintzen jarraitu beharra badela kezka iturri esan dute gehienek. "Jarraitzen dugu alokairua ordaintzen. Ez dugu etetea lortu, nahiz eta kooperatibako ordezkariekin elkartu eta eskaera egin dugun", azaldu du Ozkarbiko presidente Ana Gillegik. "Gero, oinarrizko gastuak hor daude. Gure sarrera garrantzitsuena, une honetan, bazkideen kuotak dira. Zuzendaritzan erabaki genuen kobratzea, eta denak kobratu ditugu".

Zuzendaritza hilero elkartzen dela esan du. "Danek bezala, itxoiten gaude ea zer pasatzen den, eta ea osasun egoerak hobera egiten duen. Uste dugu hori dela oinarrizkoa". Bazkideen aldetik ez dutela itxierarekin lotutako aparteko eskaerarik jaso adierazi du, eta azpimarratu zuzendaritzan oso kontziente direla osasun egoeraren larritasunaz. "Arazoak sortu daitezke. Ikusi dugu, eta zuzendaritzan berba egin dugu, bazkide batzuek erabilera desegokia egin zutela elkartea zabalik egon zen epean. Elkartea orduz kanpo egoten zen zabalik". Etorkizunera begira esan du adi daudela gauzak zelan doazen, eta, bien bitartean, barne-lanak egiten eta bazkideengandik heldu daitezkeen proposamen guztiak aztertzen jarraituko dutela.

Elkarte txikiagoen egoera

Jose Ignacio Manso da Mendi Mendian elkarteko presidentea. Hamazazpi bazkide dira, eta jabetzan dute lokala. "Baina berdin-berdin ari gara ordaintzen, esaterako, zaborren tasa. Egonda nago udaletxean ea zerbait egin daitekeen; izan ere, hilabete asko dira zerbitzu hori erabiltzen ez dugula", esan du.

Gogoan du zenbat buruhauste izan zituzten ekainean zabaldu ahal izateko plangintza egiten. Arautegi berria, gel hidroalkoholikoak jarri, botatzekoak diren paperezko mahai-zapiak eta ezpainzapiak erosi, produktu desinfektatzaileak ekarri... "Berehala itxi behar izan genuen berriz", esan du.

Gainerako elkarteen egoera berean daude Gure Bordan. "Ezin izan dugu urteko batzarra egin eta zain gaude neurri berriekin ea egiteko aukerarik izango dugun", azaldu du zuzendaritza taldeko Maite Mandalunizek. "Udaberrian eta udan erabiltzen den elkartea da, gehienbat, eta, zorionez, iazko sasoi haietan zabalik egoteko aukera eduki genuen. Orain dator berriz erabiltzeko garaia, eta zabaltzeko aukera izatea espero dugu".

Bazkideen aldetik ez dutela kexarik jaso azaldu du: "Ulertzen dute zein egoeratan gauden". Hala eta guztiz ere, zuzendaritzako ordezkariek uste dute bazegoela zabalik mantentzeko aukera, betiere, segurtasun baldintzak errespetatuz. "Kanpoan egoteko gune oso handia dugu Gure Bordan, eta aire librean egonda ez dago hainbeste arazo. Espero dugu denbora laburrean zabaltzeko aukera izatea. Laster dator Asentzio Eguna, eta disfrutatzeko".

Gainerako elkarteak bezala itxita dago, baita ere, Intxorta elkartea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak