Ozkarbi elkartea itxita dago, baina ez geldirik

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko mai. 7a, 13:52

Pandemia egoera dela-eta itxita eta hutsik dago Ozkarbi elkartea. (Artxibo irudia)

Gainerako elkarteak bezala sei hilabete luze doa itxita, baina zuzendaritza hilero elkartzen da eta, barne-antolaketa hobetzeko ahaleginean aritzeaz gainera, proiektu berriak ditu esku artean. Galdeketa ere zabaldu dute bazkideen artean.

"Ikusita gauzak antolatzeko urte oso txarra dela, helburua da martxan jarraitzea, eta geldirik ez egotea. Ez lagatzea elkartea bere horretan", azaldu du Ozkarbiko presidente Ana Gillegik. "Ez dugu nahi galdutako urtea izatea, eta barruko egitura hobetzen gabiltza hurrengoei hobeto lagatzeko asmoz". Sistema informatikoa hobetzea, agiriak eta dokumentazioa ondo sailkatzea eta gordetzea, elkartean dauden oharrak eguneratzea eta bateratzea... "Eskuliburu moduko bat ere egin nahi dugu, idatziz jasota gelditzeko atal bakoitzean zeintzuk diren egitekoak eta nola egiten diren –bodegako lanak, administraziokoak, idazkaritzakoak...–".

Egutegi bat ere egin dute, egun seinalatuetan elkartearen gizartearekiko eta herriarekiko konpromisoa adierazteko. "Oraingoz, balkoia janztea izango da. Martxoaren 8an egin genuen, eta laster etorriko da Ozkarbi Eguna ere". Iaz, bertan behera gelditu zen ospakizuna. "Aurten nahiko genuke zerbait berezia eskaini, baina zaila izango da. Ez dugu jende pilaketarik eragin nahi. Bagabiltza zerbait lantzen".

Lanketa berezia gazteekin

Une honetan Ozkarbik esku artean duen egitasmorik garrantzitsuena herriko gazteekin egin nahiko luketen lanketa prozesua dela azaldu du Gillegik. "Maiatzean abiarazi nahi dugu, eta herriko gazte guztiei zuzendutakoa izango da, ez bakarrik bazkide direnei. Pertsona bat kontratatu dugu, eta ekainean gazteekin egun bateko langintza egitea da asmoa. Hartu-emana eduki nahi dugu herriko gazteekin, baina kosta egiten da. Prozesu honekin gustatuko litzaiguke jakitea gazteek zer nahiko luketen, ze proiektu ikusten duten, ze helbururekin...".

Irisgarritasun kognitiboa

Bestelako egitasmoak ere badituzte esku artean; esaterako, irisgarritasun kognitiboa lantzea. "Orain arte, irisgarritasun fisikoak landu dira, eta, aurrerantzean, irisgarritasun kognitiboa ere landu nahi dugu. Esaterako, sukaldean gauzak topatzeko. Ideia da piktogramak jartzea, eta, idatziz baino gehiago, irudi bidez azaltzea armairu edo tiradera bakoitzean zer dagoen. Modu berean, ateetan piktograma bidez azaltzea atzean zer dagoen; taberna dela, sukaldea dela, komunak direla, jangela dela, garbitasunerako gela dela...".

Bergarako Goienetxe Fundazioko Garagunearekin ere hartu-emanetan daude. "Konpromisoa lotu nahiko genuke haiena izateko elkartean loreak ipintzeko ardura, eta ekimen hori urtero egitea. Guk loreontziak eramango genizkieke, eta haien ardura izango litzateke loreak ipintzea eta ekartzea. Ikusiko dugu posible den".

Bazkideen ekarpenen zain

Bazkideen ideiak eta ekarpenak ere gustura jasoko dituztela adierazi du Gillegik. "Osasun larrialdia luze doakigu, eta gauden egoeran elkarteak itxita jarraitzen du, baina zuzendaritza martxan da eta hobekuntzak egin nahi ditugu. Oraingoz, mantentze-lanak bururatu zaizkigu: sarreran horma-irudi bat egitea, gazteen lokalean beste horma-irudi bat egitea, eskaileretan argazkiak ipintzea... Hala ere, bazkideengandik heldu daitezkeen proposamen guztiak aztertuko ditugu, eta gustura jasoko ditugu, gainera".

Posta elektronikoz egin dute ekarpenak bidaltzeko gonbidapena, baina buzoietara ere bidali gura dute oharra. "Zer uste duzu hobetu beharko litzatekeela?". Hori da galdera. "Atarian gauzak uzteko takilak, sukaldean tresneria beste era batera antolatzea? Karteldegia?". Azken finean, bazkideek zer sumatzen duten faltan jakin gura dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak