Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik egiten dute Luze edo motz bakarrizketa saioa. Maiatzaren 9an izango dira herrian. Generoa eta euskara dituzte umorea egiteko ardatz, eta hilekoa, menopausia, emakumeen masturbazioa, ligatzeko kontuak eta sexua jorratuko dituzte. "Eguneroko gure gauza txikiak; emakumeendako oso normalak direnak, baina gizonendako ez hainbeste", esan dute. "Hori bai, ikuskizuna ez da soilik emakumeendako".
Frontoiko esapideak erabiltzen dituzte umorea egiteko. "Sexuan gizon askok luze kontatzen dituzte beraien konkistak, baina gizarte hau motz gelditzen da genero kontuetan. Eta oraindik ere, tamalez, bide luzea gelditzen zaigu egiteko".
Sarrera doan da, baina erreserba egin behar da hemen.
Mendian hil, hirian hil ikus-entzunezkoa
Maiatzaren 24an, berriz, Iñaki Peñaren Mendian hil, hirian hil emango dute Espaloian. Heriotza eta dolua ditu hizpide Arteman komunikazio agentziarekin eginiko lanak, eta mendiko heriotzetan jarri dute fokua. "Jende gaztea izaten da, bat-bateko heriotza traumatikoak izaten dira. Gurasoendako dolu oso berezia da sarreratik, eta anai-arrebendako. Desagerpenak eta suizidioak ere izan daitezke". Testigantzetan oinarritutako lana da, eta Elgetako ekitaldian izango da Peña.
Karakorum argazki erakusketa
Mikel Alonso argazkilariak 2014ean Pakistango Hushe haranean egindako erretratu sorta egongo da ikusgai maiatzaren 20tik 23ra zeramika gelan. Aurpegiak eta begiradak jaso zituen, mundu hartako "edertasun harrigarria eta muturreko gogortasuna" kaptatzeko. Udalak, Baltistan Fundazioak eta Kantsatzeke Mendi Taldeak antolatu dute.Ezjakintasun egoeran
Hilabeteotako kultura ekintzak erantzun ona jaso duela azaldu du Kultura zinegotzi Ane Bilbaok. "Oraingoan, epealdi luzeagoko egitaraua prestatu dugu". Ezjakintasun egoerak ez duela laguntzen dio: "Ez dakigu maiatzaren 9tik aurrera etxeratze agindua egongo den, ostalaritzak ze ordutegi izango duen... Hala, ordutegi batzuk aurrerago zehaztuko ditugu".
Aurtengo Ferixa Nagusiko jaien gainean galdetuta, Bilbaok dio erabakia osasun egoeraren garapenaren arabera hartuko dela. Oraingoz, jai batzordea ez da elkartzen.