Adolfo Jainaga, 30 urte Elgetan trikiti eta pandero eskolak ematen

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko api. 26a, 17:22

Apirilaren 11n bete zuen 30. urteurrena Elgetako trikiti eta pandero eskolak. Adolfo Jainaga izan da urte horietan guztietan eskolak ematen. Pozik dago egindako lanarekin. Aurten eman du izena Elgetako ehungarren ikasleak eta honezkero bigarren belaunaldiarekin lanean hasita dago. 

"Sekulako altxorra daukazue Elgetan; ia-ia atari bakoitzeko bi lagun soinua edo panderoa jotzen dutenak", azaltzen du irribarretsu Adolfo Jainagak. Ondo ezagutzen ditu Elgeta eta elgetarrak, eta estima handia diote herrian. 30 urte daramatza herrian trikiti eta pandero eskolak ematen, eta horrekin batera Elgetako ospakizun asko eta askotan izaten da bere soinuarekin.

Elgetako eskolak urtero dozena erdi bat ikasle izaten dituela adierazi du; aurten ere zortzi ikasle ditu. Ikasturte hau, gainera, berezia da eta ez bakarrik pandemiagatik. Alde batetik, aurten eman dute izena, lehenengoz, hasierako urteetan ikasle izandakoen seme-alabak. "Sorpresa ederra izan da; izan ere, horrek esan gura du bigarren belaunaldiarekin nabilela lanean dagoeneko". Bestetik ehungarren ikaslea ere aurten apuntatu da. "Hala, 30 urtean Elgetako 100 lagun apuntatu dira eskolan".

Ikasle horien artean denetik dagoela azaldu du soinu irakasleak. "Badira familian trikitilariren bat eduki dutenak –gurasoak, izeba-osabaren bat...– eta badira, baita ere, trikitiaren lilurak erakarrita etorri diren ikasleak, izan plaza taldeak entzun dituztelako izan diskoren bat entzun dutelako".

Herri askotan dihardu Jainagak eskolak ematen, eta agenda estua du astean zehar. "Astelehenetan Eskoriatzan izaten naiz, martitzenetan Mallabian, eguaztenetan Markinan, eguenetan Elgetan, barikuetan Eibarren eta zapatuetan Legution. Domeketan ez dut eskolarik ematen; bestela, andreak dibortzioa eskatuko dit", azaltzen du, umoretsu.

Ikasle guztien fitxak txukun gordeta ditu karpeta batean, bakoitza bere plastikoan. Ia ikasle guztiak ditu gogoan. Gehienak izen-abizenez, beste batzuk soinurako edo panderorako erakutsitako trebetasunarengatik eta baita ere bihurrikerietan trebeenak zirenak. "Ikasleei ez zaie gustatzen fitxa hauek erakustea", aitortzen du. "Umetako argazki eta guzti dauzkat, eta, hainbeste urte eta gero lotsatu ere egiten dira, baina ondo gordeta dauzkat, eta esan dezaket jende asko pasa dela eskolatik".

Lan handia eskolatik kanpora ere

Herriko ospakizun asko eta askotan izaten da Adolfo Jainaga. Hala, bere lana eskolak ematetik harago doa. Dela eskolako ikasleekin dela Narbaiza pandero-jolearekin jaietako mozorro jaitsieran, Herri Eguneko dantza erakustaldian, Olentzeroren etorreran edo pintxo lehiaketako sari banaketan izaten da bere soinuarekin. Hura kanpoan jotzen ikusita gerturatzen dira ikasle batzuk eskolara.

Ikasleek estima handian dute. Eskolak 25. urteurrena bete zuenean elkartu eta omenaldi txiki bat eskaini zioten jaietako Herri Egunean. "Lotsa pasatzen dut halakoetan, baina bai hala izan zen. Herri Eguneko erromerian jotzen ari ginela halako batean korro bat egin zuten gure inguruan, eta konturatu nintzen ikasle izandakoak zirela guztiak. Pieza bukatu eta koadro bat jaso genuen opari. Polita izan zen, bai".

Lehen eskolak eta emanaldiak

 
Duela 30 urte, ez zegoen trikiti eta pandero eskolarik Elgetan. "Hemen ezagutu zen trikitilaririk famatuena Jazinto Rivas izan zen, Intxuzabal baserrikoa. 1964an hil zen. Hura izan zen lehenengo irakaslea, eta hark erakutsi zion gure aurreko belaunaldiari –Laja, Sakabi, Auntxa...–. Baina hori bukatu egin zen, eta bigarren belaunaldi hark ez zuen irakasten. Batzuek zer edo zer erakusten zuten, baina etxean eta familiartekoei edo auzotarrei. Gustuz egiten zuten, eta ez modu profesionalean", azaltzen du Jainagak.
 

1985etik hona hasi zen eskola mugimendua zabaltzen, eta soinua era "masiboan" erakusten. Orduan gerturatu zen Adolfo Jainaga Elgetako udaletxera, herrian eskolak ematen hasteko proposamena aurkeztera. "Soinu handiarekin hasitakoa naiz, baina soinu txikiak beste su bat dauka barruan, eta, liluratuta, ikasten hasi nintzen. Hasieran, ez neukan maisurik edo erreferentziarik. Gerora, Sakabirengana joaten hasi nintzen. Jazinto Rivasen ikasleetako bat izan zen Sakabi".

Jainagak gogoan du urte batzuk ikasten aritu ostean erakusten hastea erabaki zuela. "Erakusteko metodo bat atera nuen, eta horrekin etorri nintzen Elgetako udaletxera nire proiektua aurkeztera. Dei bat zabaldu genuen herrian, eta kartelak jarri genituen etxe atarietan. Hala gerturatu ziren dozena bat lagun, eta horrela hasi ginen". Udaletxeko ganbaran eman zituen lehenengo eskolak. Pare bat urtera, herri eskolara pasa ziren trikiti eta pandero eskolak.

 

Adolfo Jainaga: "Ikasle izandakoen seme-alabak ditut orain eskolan"

 

Gauzak asko aldatu dira 30 urteotan?

Orain dela 30 edo 40 urte, soinua beste patxada batekin ikasten zen. Orain, umeak ohituta daude estimulu asko jasotzera. Gauza larregi ikasten dituzte batera, eta nahi izaten dute informazio bizkorra. Interpretatzeko unean ere arin eta bizkor aterako diren gauzak nahi dituzte. Bestalde, metodologia aldetik aurrera egin da, nire ustez. Lehen, aurrez aurreko eskolak ziren eta zenbaki bidezko metodoa bakarrik zegoen. Gaur egun, solfeoa sartu da, soinua musika eskoletan da... Guk, esaterako, duela 30 urte atera genuen metodoa, eta horrekin dihardugu, baina badaude beste metodo batzuk eta beste irakasle batzuk. Esango nuke horrek ere hobetu egin duela irakaskuntza. Eta badaude egungo multimedia baliabideak, eta horiek ematen dituzten aukera guztiak. Azkartu eta hobetu egin da irakaskuntza.

Hiru hamarkada eskolak ematen. Irakaskuntzan ere egin duzu bidea.

Denok ipini dugu gure partetik, eta guk ere bai. Egia esan, pozik nago egindako lanarekin. Dena den, norbera ere beti ari da ikasten; izan ere, 30-40 urtean irakaskuntzan ibiltzeak ez du esan nahi dena ikasita daukazunik. Nik ikasten jarraitzen dut. Ikasle berriek beti ematen dizkizute pistak gauzak hobetzeko, eta belaunaldi berrien eskakizunak betetzen ahalegintzen zara. Lehenengotan, jotzeko hasi ginen ikasten, eta irakaskuntza gerora etorritako aurkikuntza bat izan da niretzat. Denborak erakutsi dit, ordea, irakastea gustatu egiten zaidala. Eta hainbeste urte pasa eta gero, ikusten ari naiz, gainera, oraindik ere gustatu egiten zaidala.

"Belaunaldi berriak", esan duzu.

Bai; izan ere, aurten apuntatu dira hasi gineneko ikasleen seme-alabak. Hau da, bigarren belaunaldiarekin nabil lanean.

Pandemia amaitutakoan erromeria eder bat merezi du herriak.

Bai. [Barre] Soinuaz mozkortu egingo gara hurrengo aukera daukagunean. Alkoholarekin ez, soinuarekin mozkortuko gara!

ARGAZKIAK

2015eko mozorro jaitsiera.

2013ko Herri Eguneko dantzarien kalejira.

Debagoieneko Trikiti Eguna, 2013an, Elgetan.

Olentzeroren etorrera 2011n.

 

Olentzeroren etorrera 2015ean.

Omenaldia Jazinto Rivas 'Elgeta'-ri 2019ko Herri Egunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak