Ia mende batez izan ziren mikeleteak Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko mar. 25a, 09:00

Mikeleteak Elgetako kuartela zen Kataian. T. JAUREGI - BERGARAKO UDAL ARTXIBOA

Segurtasuna bermatzea, Aurrezki Kutxa Probintzialaren sukurtsala zaintzea eta, batez ere, arbitrioak edo zerga probintzialak kobratzea ziren Aldundiko agente horien egitekoak. Kataian izan zuten azken kuartela, eta 36ko gerrarekin desagertu ziren.

Aurretik bestelako saiakerak egon baziren ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1841eko abuztuan sortu zuen Mikelete Taldea. Lurraldeko sei puntutan kokatu zituzten kuartelak; tartean, Elgetan. Agente haien hasierako funtzioak izan ziren "segurtasuna eta bakea" bermatzea. Landa eremua eta kontrabandoa zaintzen zituzten.

Gorabehera batzuk izan ondoren, 1848an egonkortu egin zen unitatea, eta zeregin berriak ipini zitzaizkion: arbitrioak edo zerga probintzialak zein ibilgailu astunen garraioa kobratzea, batez ere. Jorge Cabanellasek Los últimos miqueletes de Guipúzcoa liburuan jasotzen duenez, Aurrezki Kutxa Probintzialaren sukurtsalen zaintza ere mikeleteen egiteko bihurtu zen 1896an, eta Elgetan foruzainen postuan zabaldu zuten sukurtsala.

Elgeta probintzia arteko muga izanik, arku-etxea ordainpeko igarobidea izan zen. Ez hori bakarrik. "30eko hamarkada hasieran, Elgeta zen probintziatik bota nahi ziren pertsonak kanporatzeko ohiko guneetako bat", dio Cabanellasek liburuan. "Gaizkileak eta gipuzkoarrak ez ziren eskaleak kanporatzen ziren, gehienbat".

Mikelete izateko Gipuzkoan jaiotakoa, ezkongabea eta euskal hiztuna izan behar zen. "Plaza lortu eta bi urtera arte ezkongabe jarraitu behar zuten", eta euskal hiztunak ez baziren "konpromisoa agertu behar zuten foru kontrataziotik bost urteren buruan euskara ikasteko".

36ko gerra, mikeleteen amaiera

Gerra hasi aurreko egunetan lau mikelete zeuden Elgetan, eta bi Kanpanzarko postuan. Errepublikaren alde egin zuten mikelete gehienek, eta une hartan garrantzi handia hartu zuen Elgetako postuak. Frontea ezarri zenean, Eduardo Urtizberea komandante mikeletea jarri zuten Elgetako sektoreko buru.

1937ko udaberriko erasoak hasi bitartean, eutsi egin zioten. Urtizbereak, orduan, arku-etxeko mikeleteen kuartelean kokatu zuen aginte-postua, baina leihotik sartutako obus batek larri zauritu zuen, eta maiatzaren 4an hil zen, Bilbon.

Herria bonbardatu ostean, 1937ko apirilaren 24an hartu zuten postua frankistek, eta eraikina tropa mairuen zaintzapean geratu zen. Gainerako soldadu guztiek bezala, bizirik irtendako mikeleteek ihes egin zuten. Horrela desagertu zen Gipuzkoatik sasoi hartako Mikelete Taldea. Francok abuztuan desegin zuen unitatea ofizialki.

Kanpanzarko postua

1919ko agiriek diote Kanpanzarren bazela mikelete postu bat. Eugenio Legaristi zen arduraduna. "Legaristik eta haren emazteak oinarrizko hezkuntza eman zieten Elgetako eta Arrasateko 55 bat neska-mutikori. Hamasei bat ikasle hartzen zituzten zaintza postuko gela txiki batean. Eskola mistoa zen, eta gauetan zein domeketan alfabetatu gabeko helduei ere eskolak ematen zizkieten", azaltzen du Cabanellasek.

Elgetako kuartela, arku-etxean
 
Gipuzkoako Foru Aldundiak 1928an erosi zuen Elgetako arku-etxea. Bertan kokatu zen, urteetan, foru-kuartela, eta eraikina Kataia izenez egingo zen ezaguna. Mikeleteek kate bat gurutzatzen zuten errepide gainean. Helburua zen dagokion zerga ordaindu ezean salgairik, gurdirik edo ibilgailurik ez pasatzea probintzia arteko muga zen igarobide horretatik. Aurrezki Kutxa Probintzialaren bulegoa eta telefono bulegoa ere hartu zituen arku-etxeak urteetan. Telefono zenbakia zen: 14-277.
 
Gaur egun, oraindik ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoa da arku-etxea, eta Elgetako Udalari lagata dauka haren erabilera. 1986an onartu zen lehenengoz eraikina Udalari uzteko erabakia. Ordutik hona, hamar urtean behin berritzen den akordio-kontratu batek zinpetzen du lagapena.
 

Elgetako postuko mikeleteak txantxetan. T. JAUREGI - BERGARAKO UDAL ARTXIBOA

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak