Carlota Alfaro: "Egungo gizarte ereduan energia maskulino gehiegi dago"

Arantzazu Ezkibel 2021ko mar. 11a, 21:00

Carlota Alfaro donostiarrak energia femeninoen eta maskulinoen gainean jardun zuen martitzenean Elgetako liburutegian.

Nolako erantzuna izan du hitzaldiak?

Oso ondo egon da; liburutegiko edukiera bete egin da, 15 bat lagunekin. Jendeari kosta egin zaio parte hartzea; animatu direnerako, denbora agortu zaigu.

Zer esan nahi duzu, zehazki, mujer salvaje diozunean?

Termino hori Mujeres que corren con los lobos liburuan irakur daiteke. Emakumearen indarraz dihardu; kondaira zaharrekin konektatu eta barruan dugun sena, sortzailea eta jakituria ateratzea da. Orain dela 10.000 bat urteko Europan ez zegoen sistema patriarkaturik; esaten da sistema matristikoa zela; hau da, emakumeak eta gizonezkoak baldintza berekoak zirela. Gizarte horien ezaugarriak ziren: biolentziarik eza, berdintasuna, errespetua, abegikoak izatea... Garrantzitsua zen nondik zetozen eta nor zinen, eta ez zer zenuen, patriarkatuan gertatzen denaren alderantziz.

Zergatik da garrantzitsua energia maskulinoen eta femeninoen oreka?

Jendearengan zalantzak sortzen dituen gaia da, baina ez dago dudarik aurkako poloez osatuta gaudela. Energia femeninoak dira enpatia, anaitasuna, elkartasuna, intuizioari kasu egitea... eta energia maskulinoak, aldiz, akzioa, indarra, helburuak lortzea. Gaur egun, zigortuta daude energia femenino handia duten gizonezkoak; eta, aldiz, emakumeek arrakasta lortuko dute energia maskulino handia izanez gero.

Diozu benetako berdintasuna lortu nahi bada bestelako gizarte eredu bat eraiki behar dela.

Bai; egungo gizarte ereduan energia maskulino gehiegi dago. Horren eredu garbia da gaur egun GKEetan lanean dabilen emakume kopurua handia. Orain dela urte asko izan genuen matristika eredu bat sortzen baldin badugu, jakina garaiak aldatuko direla eta ez dela berdina izango, garrantzia hartuko du zu nor zaren eta nondik zatozen, eta ez zer duzun.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak