Hamabost minutuko elkarretaratzea egin dute elgetarrek, 19:00etan. Berdintasunerako lanean elkarrekin zioen pankartaren atzean elkartu dira hainbat lagun eta txaloekin eman diote amaiera ekitaldiari. Pankarta udaletxeko balkoian egon da ikusgai goizetik.
Herri Eskolan eta udal ludotekan
Herri Eskolan goizean goizetik sumatu da Emakumeen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko eguna zela. Musikarekin egin dituzte eguneko sartu-irteera eta kolore morea izan da nagusi egunean zehar. Taldeka horma irudi bat osatu dute neska-mutikoek eta eskolako sarreran dago ikusgai. Horrekin batera tratu onen argazki erakusketa ere egin dute nork bere etxetik eramandako argazkiekin. Geletan, berriz, lanketa bereziak egin dituzte, besteak beste, ikus-entzunezkoak ikusiaz.
Udal ludotekan ere badihardute gaiarekin. Astean zehar hainbat emakume izango dira protagonista. Biografiak osatu eta haien nondik norakoen berri izango dute txikienek. Frida Kahloren eta Joana Arc-ekoaren txanda izan da gaur. Nagusienek osatzen dituzte biografiak eta gaztetxoenei aurkezten dizkiete.