Birusak baimenduta, musika bere bidea egiten ari da Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko mar. 10a, 09:15

Hezkuntza musikaleko taldea, aurreko asteko martitzenean.

Pandemia egoerara egokitzea ez da lan makala izan, baina pozik da Lorea Larrañaga irakaslea eta baita ikasleak ere. Ikasturte hasieran ziurgabetasun maila handia zegoen, baina, eskolak martxa onean doaz.

Zailtasunak zailtasun, gustura dihardu Lorea Larrañagak. Gainerako jarduera guztietan moduan, pandemia egoerara egokitutako neurriak hartu behar izan zituzten ikasturte hasieran, baina aurrez aurreko eskolei eusteko moduan izan dira orain arte, eta garrantzitsua da hori, irakaslearen hitzetan.

Saioak berrantolatu egin behar izan ditu, eskolako bizikidetza talde iraunkorrak mantenduz egiten ditu taldekako eskolak eta, Udalak horrela eskatuta, berrantolatu egin behar izan zuen jarduera. "Egunean taldekako saio bakarra egiten dugu. Hala, arratsalde berean talde bakar batek erabiltzen du gela. Horrek aldaketak ekarri ditu antolaketan; astean ordu erdiko bi saio egin beharrean ordubeteko saio bakarra egiten du talde bakoitzak". Ikasle kopuruan ez duela jaitsiera nabarmenik sumatu azaldu du Larrañagak.

Bestelako neurriak ere hartu dituzte: "Leihoak zabaltzen ditugu, sarreran tenperatura hartzen dugu, gela ematen dugu eskuetan, aldaketetan desinfektatu egiten ditugu pianoa, mahaia, aulkiak... Gauza asko dira, baina lortzen ari gara eskolak ganoraz ematea", dio.

Iazko ikasturte amaiera gogoan du Larrañagak. "Azkenerako, kaosa izan zen. Hasieran, eskola telematikoak nobedadea ziren eta oso pozik hasi ginen denok, formal eta puntual. Baina, denborarekin, umeak aspertzen joan ziren, konexio arazoak zeuden, entzuten zuenak ez zuen ikusten, edo alderantziz... Zaila izan zen azkenerako. Aurten, hiruzpalau ikasle egon dira konfinatuta, eta online aritu gara, baina beste gauza bat da".

Alde batera utzitakoak

Gabonetan Elgetako musikari gazteek ez dute jendaurreko saiorik egin. Aurreko ikasturte amaieran ere ez. "Bideo-muntai bat egin genuen. Ikusiko dugu baina zaila ikusten dut ikasturte amaiera honetan ere jendaurreko saioa egitea antzokian eta uste dut beste bideo bat egingo dugula, baina musika gelan grabatutako irudiekin izango da honakoan".

Helduen abesbatza, umeen abesbatza, jendaurreko emanaldiak... Oraingoz, halakoak alde batera utzita daude, ezinbestean. "Mezako kantak entseatzen ditugu, justu-justu, elizako koroarekin elizkizuna hasi baino ordu laurden lehenago. Gainerako guztiak alde batera utzita dauzkagu, oraingoz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak