Urtebete, bertako eta garaiko produktuen saskiak jasotzen Elgetan

Imanol Beloki Unamuno 2021ko ots. 15a, 08:00

Kontsumo taldekoak saskiak jasotzen; Iñigo Gabilondo ekoizlea, ezkerretik hasita, belauniko dagoen lehenengoa.

Elgetako kontsumo taldeak urtebete bete berri du. Astero-astero eskaerak egiten dizkiote taldea osatzen dutenek Iñigo Gabilondo ekoizleari, eta astelehenetan batzen dituzte saskiak taldekideek. Horrekin batera, gazta eta ogi ekologikoak jaso ditzakete

Urtebete bete berri ditu Elgetako kontsumo taldeak. Zenbait saiakeraren ondoren, azken hau egonkortu egin da, eta, erabiltzaile kopuru mugara iritsita, 25 lagunera, arrakastatsua izaten ari da egitasmoa. Erabiltzaileak eta ekoizleak pozik daude, eta, bertako, kalitatezko eta elikagai ekologikoaren aldeko apustua eginda, ez dute aldatu nahi.

IÑIGO GABILONDO EKOIZLEAK ASTELEHENERO ERAMATEN DIZKIE SASKIAK TALDEKIDEEI

"Bergarako Ziarreta baserriko Iñigo Gabilondo baserritarrarekin egin genuen harremana, eta bera da ortuko produktuez betetako saskiak astelehenero ekartzen dizkiguna. 19:00etan etortzen da, eta ordu horretan otarrea hartu ezin duenak Buztin-gelan, Farmazia alboko lokalean, uzten ditu saskiak, norberak gura duenean jaso dezan. Hasieran, dozena bat lagun hasi ginen, baina, gaur-gaurkoz, 25 familiarentzako saskiak ekartzen ditu", adierazi du Ibai Larrañagak, Elgetako Udaleko Ingurumen zinegotziak.

25 erabiltzailerekin, "ondo"

Iñigo Gabilondo bergararrak ezarritako 25 erabiltzaileren mugara iritsi dira Elgetako kontsumo taldean, eta, urtebete pasata, "gustura" ari da: "Egitasmoa hasi zenean, Elgetako Udaletik bideratuta, 15 laguneko taldea irten zen, eta hilabete batzuetara muga ezarri nuen, 25 lagunekoa. Muga horretara iritsi gara, eta, erabiltzaileek urtebeteko iraunkortasuna bete behar dutenez, ondo ari naiz; bestela, ez da-eta errentagarria. Gainera, komunikazio zuzena dugu, eta, ni pozik nagoen moduan, beraiek ere gustura daudela esango nuke", adierazi du Gabilondok.

Harrera ona izaten duzu Elgetan?

MONIKA IRAZOLA. OKINA

"Ogia egiteko irin ekologikoa erabiltzen dut" "Aurretik, beste okin bat izan zen Elgetan. Hala, berak taldeari hitz egin zion nitaz, eta horrela hasi nintzen. Lehen, astean birritan eramaten nuen, baina orain, bi astean behin eramaten diet. Ogia egiteko irin ekologikoa erabiltzen dut, eta ama-legamia. Garia, gari haziduna, %100 zekalea eta espelta. Elgetarren erantzuna, bestalde, oso ona da. Oraindik ez ditut taldekide guztiak ezagutzen, lokalean uzten baitiet ogia, baina hainbatekin zuzenean egoteko aukera izaten dut".

AMAIA LASKURAIN GAZTAGILEA, 'AMATXO GAZTAK'

"Azoka bat gehiago da; hobea, gazta utzi eta listo" "Udaberrian hasi ginen gu Elgetara gaztak eramaten. Kontsumo taldean dezente dira, eta guk hamabost egunean behin eramaten ditugu eskatzen dizkiguten gaztak bertara. Gernikara joaten gara astelehenero, eta, Elgetatik pasata, bidean geldiunea egiten dugu. Hala, gazta ondua, urdina, zabalgarria, biguna, laktikoak, eta feta oliotan dira gure aukerak. Elgetakoa azoka bat gehiago da, hobea; izan ere, gazta utzi eta listo, ez da merkatuan moduan…".

Otarre irekiak

Beste kontsumo talde batzuetan otarreak itxiak izaten dira; hau da, ekoizleak aukeratzen du aldi bakoitzean komeni zaionaren arabera, eta jendeak erosi egiten du. Elgetako kasuan, aldiz , taldekoek aukeratzen dute: "Produktuen zerrenda bidaltzen diet, eta nahi dutena aukeratzen dute. Hala, produktu kopuru minimo bat eskatu behar dute –bost–. Orain, negu-neguko produktuekin ari naiz: porruak, zerbak, letxugak…".

Ekologikoaren ziurtagiriarekin

Gabilondo 2018an hasi zen lehenengo sektorean, eta, ekoizle ekologiko moduan hastea erabakita, bi urteren ostean, orain jaso du ziurtagiria. "Edozein hazi ezin duzu erabili; ekoizle ekologiko batetik erosi behar dituzu. Landareak prozesu ekologikoa jarraitu behar du… Nire lan egiteko modua berdina da, baina ziurtagiria izatea beharrezkoa nuen".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak