Herritar talde batek udal pilotalekuaren erabileraren inguruko desadostasuna adierazi du. Ez dute bidezko ikusten COVID-19 dela-eta erabilera libreko orduak kendu izana, eta 35 bat lagunek sinatutako idatzia aurkeztu dute Udalean.
Ibai Etxaniz da Elgetako kiroletako udal batzordeburua. Azaldu du martitzenean elkartu zela talde horretako bi ordezkarirekin.
Zelakoa izan zen hartu-emana?
Kontaktua izan dugu, eta elkartu ginen berba egiteko eta nork bere ikuspuntua emateko. Azaldu nien zein den dagoen zerbitzua, eta zergatik dagoen horrela. Argi dugu orain ez dagoela erabilera librerako aukerarik. Ezin da. Erreserba bidez izan behar du. Beraien eskaera zen erabilera libreko sistema bat jartzea non ordua hartzerik egongo zen, baina ordaindu gabe. Kontua da ezin dugula zerbitzu beragatik kobratu batzuei eta besteei ez.
Zein da erabilera sistema gaur egun?
Mila aldiz aldatu dugu; dekretu berri bat irten den bakoitzean. Frontoiko egutegian hiru eremu mota daude. Urteko erreserba duten erabiltzaileena tartea dago. Gero, erreserba normala egin daitekeen ordu tartea, eta erreserba izan daiteke urte osokoa zein momentukoa. Azkenik, momentuko erreserba bakarrik egin daitekeen tartea dago. Azken horiek zergatik? Asteburuan ez dugulako urte osorako erreserbarik egoterik nahi, eta, aste tartez oraingoz etenda egonda ere, itzultzea aurreikusten dugun zerbitzuetako orduak direlako –pilota eskolako saioak, umeen erabilera, maskara erabiltzea derrigorrezkoa delako urte osoko erreserba behin-behinean eten duten taldeen orduak, eskolaren orduak, eskola kirola...–.
Eskolak eta eskola-kirolak ere badute tartea.
Hor ez dugu zalantzarik. Lehentasuna dute, eta, egun dagoen egoerarekin, are gehiago. Asteartetik ostiralera arratsalde guztiak erreserbatzeko eskaera egin zigun eskolak –eskola ordutegian–, eta eskola-kirola martxan jarri denean ere frontoia erabiltzeko aukera jarri genuen. Egia da ez dutela erabili kasu askotan. Hala, elkartu eta adostu dugu asteko planifikazioa egingo dutela, guztiok jakiteko noiz erabiliko duten frontoia eta noiz ez. Egutegi hori astero eguneratuko da, eta ikusgai izango da bolatokian astelehenetan. Urtarrileko batzordean hartutako erabakia da.
Noiz arte horrela?
Egoera normaltzen denean eta frontoia zabaldu ahalko denean, hau guztia lehengora bueltatuko da, eta, ahal dela, hobekuntzekin. Baina, bitartean, ezin da. Gaur-gaurkoz, ezin dugu espazio itxi bat halako erabileretarako zabaldu.