Ez dago adostasunik udal pilotalekuaren erabilera baldintzen inguruan. COVID egoera dela-eta Udalak behin baino gehiagotan egokitu ditu erabilera baldintzak, eta hainbat aldiz guztiz itxita ere egon da pilotalekua, baina erabilgarri dago, berriz ere, urtarrilaren 20a ezkero.
Maskararekin jokatu behar da, eta, gehienez ere, lau laguneko taldeetan. Desadostasunaren iturri nagusia, ordea, beste bat da. Hain zuzen ere, doan ziren erabilera libreko orduak kendu izana. Horiek, gehienbat, goizez eta arratsaldeko lehen orduetan kokatzen ziren. Gaur egun, ordea, ordua edozein izanda ere frontoia erabiltzeko erreserba egin behar da, eta prezioa da zortzi euro orduko. Argindarra behar izanez gero prezio hori igo egiten da.
35 bat laguneko taldea antolatu da idatzi bat adosteko eta hori udaletxean aurkezteko. Honela dio idatzi horrek: "Frontoiko erabileraren baldintzak direla-eta herritar asko elkartu gara honen inguruan hitz egiteko. Ez gaude ados edozein ordutan frontoia erabili ahal izateko –argirik gabe– zortzi euro ordaindu behar izatearekin. Orain arte erabilera libreko ordutegietan ez genuen ordaindu beharrik. COVID-19 dela-eta badakigu gauzak aldatu direla eta aldatzen ari direla, baina beste modu batzuk daudela pentsatzen dugu frontoiko erabilera hobetzeko".
Hala, eskatzen dute: "Erabilera libreko ordutegietan Bolatokira deitu frontoia ea libre dagoen jakiteko eta hala bada, ordaindu gabe joan ahal izatea –argirik gabe bada–. Modu horretan, frontoiaren erabilerak kontrolpean jarraitzen du eta herritarrok gehiago disfrutatu dezakegu frontoiaren erabilerarekin".
Udalaren erantzuna
Urtarrilaren 22an aurkeztu zuten idatzia 35 bat lagunen sinadurarekin udaletxean, eta jaso dute erantzuna. Udalak dio pilotalekua erabiltzeko erreserba egiteagatik dagokion tasa ordaindu behar dela azpimarratuz juridikoki ez dela posible zerbitzu beragatik batzuei kobratzea eta beste batzuei ez.
"Gaur egun pilotalekuaren erabilerarako hainbat arau ditugu jarrita COVID-19 gaitzak gurean izan dezakeen eragina mugatze aldera. Neurri horietako bat pilotalekua erabili ahal izateko erreserba egin behar izatea da. Beti bezala, noski, erreserbak ordaindu egin behar dira. Leku publikoa da eta ordubetez leku publiko horren erabilera pribatiboa egiten da. Hau da, erreserba egin duenak bakarrik du eskubidea pilotalekua erabiltzeko. Kontuan izan behar da, gainera, hainbat erabiltzailek urteak daramatzatela beraien ordua erreserbatu eta ordaintzen. Honez gain, aipatzekoa da kanpotik Elgetako pilotalekura ere etortzen dela jendea, erreserbari dagokion tasa ordainduta. Gogoratu, azkenik, kirol tasetan beharrizan ekonomikoaren araberako hobariak daudela, prezioaren %70erainokoak".
Herritar taldea ez dago ados erantzunarekin. Jarraitzen dute pentsatzen badaudela beste modu batzuk pilotalekuaren erabilera hobetzeko. "Erabilera libreko ordutegiak jarrai dezake erabilera librekoa izaten nahiz eta erreserbatu beharra izan ez egoteko jende pilaketarik eta abar", azaldu du taldearen izenean Miren Argi Zeziagak. "Eskatzen dugu ez erabiltzeko COVID-19aren aitzakia erabilera libreko ordutegian ere kobratzeko". Gaineratzen du COVID egoera dela-eta murrizketak egon direla eskainitako zerbitzuetan: "Ez dago ez dutxarik, ez aldagelarik… Eta kobratzen da berdin".