Bost familia Caritasen laguntzaren premian, Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko ots. 8a, 10:00

Abuztuan izan ezik, hilero egiten da Gipuzkoako Elikagai Bankutik ekarritako jeneroaren banaketa Elgetan. Urtarrilean, bost familia unitatetako hamaika lagunek jaso dute laguntza hori; laster beteko dira bederatzi urte programa martxan jarri zela.

Maria Jesus Leteren eta Dolores Arbuluren hileroko egitekoa da. Azkenaldian, Pedro Mari Uberaren laguntza ere badute. "2012ko martxoaren 30ekoa da Gipuzkoako Elikagai Bankuarekin sinatu genuen lehen kontratua. Orduko hartan, lau lagunendako jeneroa ekartzen genuen", azaltzen du Maria Jesus Letek. "Inor barik egon bagara ere, hamasei lagunendako banaketa ere egin izan dugu", gehitu du Arbuluk.

Elgetako Caritasen izenean bideratu zuten programan parte hartzeko eskaera. "Hasiera batean, guk tramitatzen genituen eskaerak, baina laster konturatu ginen hori ez zela gure egitekoa. Ordutik, gizarte laguntzaileak baloratzen ditu eskaerak, eta gu jeneroa ekartzeaz eta banatzeaz arduratzen gara".

Urtarrileko banaketa eginda dago. Elikagai Bankuak Bergarako San Juan auzoan du bi biltegietako bat. Jeneroa hartu, eta Elgetako parrokiak lagatako lokal batean egiten dituzte antolaketa eta banaketa lanak Letek eta Arbuluk. "Supermerkatu handiek egindako donazioak izaten dira. Elgetan ere egin da bilketa aurten, eta 200 kilo batu dira. Oso kopuru ona da", azaldu du Letek.

Zurrumurru kaltegarriak

Gustura dihardute, baina kritikak ere jasotzen dituzte. "Bada jendea banaketa egitea gustuko ez duena. Emandako jeneroak zaborretan amaitzen duela, esker txarreko jendea dela... Entzuten ditugu halakoak". Beste kezka da boluntarioen taldea gero eta eta nagusiagoak direla eta pisu handiko kutxekin ibiltzea gero eta nekezagoa zaiela.

 

Nola kudeatzen duzue programa?

 

DOLORES ARBULU

"Oinarrizko elikagaiak banatzen dira, gehienbat"

"Jendeak oso ondo hartzen du banaketa, eta pozik joaten dira. Niretzat ere garrantzitsua da, eta oso gustura sentitzen naiz, nahiz eta kritika asko jaso. Oinarrizko elikagaiak banatzen ditugu: makarroiak, arroza, esnea... Horiek ez dira falta izaten. Baita olioa, azukrea, lekaleak kontserban, latako gauzak... Dena nahastuta edota pakete handietan iristen da, eta gure lana izaten da banaketa egitea kontuan hartuta familia unitate bakoitzean zenbat diren edota zein adinekoak diren".

 

MARIA JESUS LETE

"Gizarte laguntzaileak egiten du balorazioa"

"Gure lana izaten da generoa Bergaratik ekarri, banaketa egin eta jendeari deitzea bila etor dadin. Iristen zaizkigun eskaera guztiak gizarte laguntzailearengana bideratzen ditugu. Garbiena iruditzen zaigu, eta horrela hitz eginda daukagu. Gainera, herrian erroldatuta dagoen jendeak bakarrik jaso dezake laguntza hori. Hainbat irizpide kontuan hartu eta gero hartzen du erabakia gizarte laguntzaileak. Laster beteko dira bederatzi urte programa honekin hasi ginenetik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak