Zazpi mobilizazio deitu ditu Zaldibar Argitu plataformak biharko. Zallan 12:45ean, Etxebarrian, Elgetan eta Markina-Xemeinen 13:00etan, Zaldibarren 13:15ean, Eibarren 17:00etan eta Ermuan 17:30ean.
"Oso plan politak genituen urteurrenerako, baina osasun egoera dela-eta herriz herriko konfinamendu honek ez digu lagako. Elgetan, 13:00etan irtengo gara plazara. Herritarrei bertaratzeko dei egiten diegu", azaldu du Zaldibar Argitu herri plataformako kide Janire Lazkanok. "Uste dugu gertakari benetan oso larriak egon direla hemen, eta argitu beharrekoak direla. Desastre humanoa, ekologikoa eta politikoa izan zen. Herritarroi egia eta informazioa zor digute".
Zaldibarko zabortegiko luiziari buruzko epaiketa izango da hurrengo pauso garrantzitsuetako bat. Zaldibar Argitu plataforma herri-akusazio moduan aurkeztuko da epaiketa horretan. Hala, kostuei aurre egiteko crowdfunding kanpaina abiatu dute, itsulapikoa.eus webgunean.
Prozesu horretan izango da baita ere Elgetako Udala. Izan ere, beste hainbat entitaterekin batera onartu du epaiketa horretarako Durangoko Instrukzioko 1. Epaitegiak.