Udal Gobernuak harriduraz hartu ditu elur egunetako kudeaketari buruzko oposizioaren kritikak

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko urt. 22a, 18:59
Brigadako bi langile eta herritar bat elurra kentzen urtarrilaren 2an.

Gatzaren banaketa eta baserri bideen egoera dira mahai gainean dauden bi puntu nagusiak. Elgetako jeltzaleek elurrari aurre egiteko hobekuntzak eskatu dizkiote Udal Gobernuari, gatza "modu intentsiboagoan eta bidezkoagoan" banatzeko. Udal Gobernuak dio: "Egin ditugunak egitea eskatzen dute".

 

Elurrari aurre egiteko hobekuntzak egin daitezkeela uste du Elgetako EAJk, eta hainbat eskaera egin dizkio Udal Gobernuari. Eskaeretako bat da gatza "modu intentsiboagoan eta bidezkoagoan banatzea, elgetar guztiek behar duten guztietan gatza eskura dezaten". Oposizioak egiten duen beste eskaera batek baserritarrei eskainitako arretarekin du lotura.

Udal Gobernua, "harrituta"

Bulego ordutegiz kanpo gatz-zakuak udaletxeko arkupean izan direla erantzun du Udal Gobernuak. "Hainbat unetan agortu egin bada ere, berriz jarri dugu. Baserri bideetan aparkatutako autoak direla-eta, eta Elgetan udaltzainik ez dagoela kontuan izanda, Ertzaintzarekin harremanetan egon gara, eta eskaera egin diogu inguru horiek zaintzeko. Baserri bideetan ez ezik, errepide nagusietan ere eragin dituzte enbarazuak elurretan jolastera etorritakoek: Karabietan, Asentzio inguruan edo herrian, kantxa ondoko errotondan adibidez. Elurraz gozatzera kanpotik etorri den jendeak izan duen eraginaren aurrean neurriak hartu behar direla garbi dago. Hala ere, demagogia iruditzen zaigu baserritarrei laguntzeko bitarteko gehiago jartzea eskatzea, Foru Aldundiaren jabetzakoa den baserri bide baten elurra Elgetako Udalak kentzen duenean, ia bi astez Elgetako herritar eta baserritar ugarik darabilen Elgeta-Kanpanzar bidea itxita eta oso egoera kaxkarrean egon denean, edo Kanpanzarreko errepidera zuhaitzak eroritakoan baserritarrek zabaldu behar izan dutenean bidea".

Gaineratu dute: "EH Bilduko zinegotziok lanean jardun dugu brigadari laguntzen: aitzur eta palarekin elurra kentzen, gatza botatzen, jendeak edukiontzietatik kanpo utzitako hondakinak edukiontzietara botatzen, teilatuetatik elurra jausteko arriskua zegoen tokietan hesiak eta zintak jartzen. Eta garrantzitsuena, hurrengo elurtean gauzak hobeto egiteko ikasten!".

Bestelako balorazio bat ere egin dute Udal Gobernutik: "Pozez jaso dugu ia agintaldiaren erdian EAJ-PNV udal taldearen lehen proposamena. Besteak beste, bi ordenantza fiskal eta bi aurrekontu onartu ditugu talde honek inolako ekarpenik egin gabe".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak