Elgetako jeltzaleek elurrari aurre egiteko hobekuntzak eskatu dizkiote udal gobernuari

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko urt. 15a, 12:53

Gatza "modu intentsiboagoan eta bidezkoagoan" banatzeko eskatu dute "elgetar guztiek behar duten guztietan gatza eskura dezaten". Horrekin batera eskatu dute EH Bilduren gobernuak "arreta, bitarteko, eta laguntza gehiago jar ditzala baserritarrek beren lurretara eta etxebizitzetara sartzeko arazoak sortzen dizkieten eragozpenak saihesteko".

Elurrari aurre egiteko hobekuntzak egin daitezkeela uste dute Elgetako EAJtik, eta elur egunetako kudeaketarekin lotuta hainbat eskaera egin dizkiote udal gobernuari. 

Eskaeretako bat da gatza "modu intentsiboagoan eta bidezkoagoan banatzeko, elgetar guztiek behar duten guztietan gatza eskura dezaten". Jeltzaleek adierazi dute auzoetan jadanik uzten direla gatz-zakuak herritarrek erabil ditzaten, baina proposatzen dute erdiguneko gune gehiagotan ere uzteko. Eta udaletxeko arkupea eskaintzen dute adibide gisa. Azaltzen dute, modu horretan, bulego ordutegian bertaratu ezin diren herritarrek ere eskura izango luketela. 

Arreta baserritarrei

Oposiziotik egiten duten beste eskaera batek baserritarrei eskainitako arretarekin du lotura. "EH Bilduren gobernuari eskatzen diogu arreta, bitarteko, eta laguntza gehiago jar ditzala baserritarrek beren lurretara eta etxebizitzetara sartzeko arazoak sortzen dizkieten eragozpenak saihesteko". Zentzu horretan elkartasuna adierazi diete baserritarrei: "Jende asko joaten baita elurretan jolastera, eta, alde batetik, lur pribatuetan sartzen dira, larreak hondatuz, eta, bestetik, elurra kentzeko makinen bidea oztopatzen dute, autoak gaizki aparkatuta daudelako eta ez dutelako nahikoa lekurik uzten elurra kentzeko". Azula bidea, Karabieta eta Asentzio inguruak aipatzen dituzte jeltzaleek.

Elgetarrei, azkenik, kontuz ibiltzeko eskaera egiten diete, bai egunerokoan bai elurra dagoen lekuetara mugitzerakoan: "Pista horiek, gehienetan, egoera oso txarrean gelditzen dira eguneroko erabilerarako".

 

 



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak