Hamar bat zentimetro elur bota ditu, Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko urt. 2a, 16:24

Jolaserako goiza izan da, gaurkoa, Elgetan. Aspaldi da ez zuela hala zuritzen eta herritarrek jolaserako zein zuritutako paisaiak ikusteko baliatu dute goiza. Txanponaren beste aldean, autoak egoki ekipatu gabe Elgetara igo diren bisitariak. Zenbait zirkulazio arazo sortu dira, nabarmenenak Asentzio inguruan.

Atzo gauean hasi zuen mara-mara, eta gaur goizean zuri esnatu da Elgeta. Alerta egoera zegoen emanda eta iragarpenek ez dute hutsik egin.

Elgetarrek, gaztetxoenek bereziki, harrera beroa egin diote elurrari. Aspaldi ez zuela hainbeste botatzen eta gaur bai, jolaserako ematen zuen elurrak. Elurretako arropak, lerak, plastikoak... guztiak hartu eta ibili dira herriko hainbat gunetan gora eta behera. Elurretako panpinak eta elur-borrokak ere izan dira, gaur, herrian.

Asteburua izanik ez dira gutxi izan inguruko herrietatik Elgetara elurretara etorri direnak. Eguerdi partean sumatu da gehienbat.

Goizean goizetik ibili dira errepideak garbitzen bai Udalak ipintzen duen elurra kentzeko makina bai Gipuzkoako Foru Aldundiak ipintzen duena. Bergarako errepidea zabalik egon da. Gainerakoetan ibiltzeko gurpil egokiak behar ziren.

Txanponaren beste aldean

Elurra kentzeko makinak atzera eta aurrera ibili arren errepide guztiak ez dira berdin garbitzen, eta zenbait unetan arazoak izan dira. Autoak ezin aparkatu ibili dira hainbat lagun, beste batzuetan laguntza behar izan dute gune aldapatsuetatik ateratzeko eta arazo handienak Asentzio inguruan sortu dira.

Auto asko elkartu dira, horietatik dezente gurpil egokirik gabe ziren eta Kanpanzar errepidean, gainera, zuhaitz bat zegoen zirkulazioa oztopatzen. Auto-gidari ugarik arazoak izan dituzte buelta emateko, beste batzuk kateak ipini behar izan dituzte sartutako zulotik ateratzeko, eta beste asko ez atzera ez aurrera gelditu dira tresna egokirik gabe etorri direlako. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak