Eskolarako aplikazio digitalen gaineko argibideak jaso zituzten, astelehenean, hainbat gurasok

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko abe. 23a, 12:26

Dozena bat gurasok jarraitu zituzten Julen Linazasororen azalpenak.

Gmail, Drive, Calendar eta Classroom zer diren azaldu zuen Macsonrisas taldeko Julen Linazasorok udal liburutegiak antolatutako tailer batean.

Etxe askotan ia hutsetik egoki behar izan dute egoera berrira, eta Drive, Gmail, Calendar, Classroom eta halako aplikazioak egun batetik bestera sartu dira askoren egunerokoan. Gaur egun, berriz, oso tresna erabilgarriak dira ikasle batek koarentena egin behar badu edo, besterik gabe, eskolan egindakoak etxean eskuragarri edukitzeko.

Udal liburutegiak antolatuta, gurasoendako formakuntza saioa eskaini zuen astelehenean Macsonrisas taldeko Julen Linazasorok. Lau aplikazio horien gaineko azalpenak eman zituen. "Gurasoek ez duzue zertan teknikoki kontrolatu tresna horiek guztiak. Zuen egitekoa da neska-mutikoen lana gainbegiratzea. Ze lan dute egiteko? Egin dituzte? Garaiz entregatzen dituzte? Halakoak begiratu behar dituzue zuek", azaldu zuen.

Classroom aplikazioko Egitekoak atala nabarmendu zuen. "Hor ikusten dira zeintzuk diren egiteko dauden lanak, eginda daudenak edota entregatzeko daudenak", esan zuen. Karpetak eta dokumentuak sortzen, izendatzen, partekatzen edo antolatzen ere erakutsi zuen.

Bestelako gogoetak ere egin zituen. "Zuen umeek argi izan behar dituzte hainbat gauza: ez da berdina aurrez aurre edo digitalki komunikatzea. Digitalean testuinguru falta da beti, eta horrek interpretazio arazoak ekar ditzake. Sare sozialen erabilerarako ere garrantzitsua da. Idatziz bidalitakoak betirako gelditzen dira. Ikus ditzake lagun batek, bikotekide batek, lan arduradun batek... Baita etorkizunean ere. Gauza garrantzitsuak aurrez aurre edo telefonoz esan behar dira. Horren jabe egin behar ditugu umeak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak