Gabonetako ospakizun egunetan tabernak eta komertzioak 18:00etan ixtea erabaki du LABIk

Xabi Gorostidi 2020ko abe. 22a, 20:04

Bergarako taberna bateko artxibo irudia.

Abenduaren 24an, 25ean eta 31n, eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an jarri dute ordutegi muga hori; ostalarientzat eta merkatarientzat –farmaziak eta gasolindegiak salbu daude–. Guztira zazpi neurri berri ezarri dituzte, eta horien artean daude, besteak beste, abenduaren 24ko eta 31ko afarien osteko mugikortasun muga 00:30eara aurreratzea, eta Urtezaharreko eta Urteberriko afari eta bazkarietan gehienez sei lagun elkartzea. 

"Azaroaren hasieratik, Euskadin 14 egunetako intzidentzia-tasa nabarmen murriztea lortu dugu. 850etik 280ra igaro gara 100.000 biztanleko. 5. mailako Agertokitik 3. mailako Agertokira jaitsi gara, Hala ere, datuek ez dute inolako erlaxaziorik ahalbidetzen" adierazi du Osasun Sailburu Miren Gotzone Sagarduik. 

Hala ere, hurrengo egunetan balizko bi arrisku iturri identifikatu dituztenez, neurriak zorroztea erabaki dutela azaldu du: "Alde batetik, Gabonetako ospakizunekin lotuta, errotuta dauden mugitzeko eta familia eta gizartea elkartzeko ohiturengatik. Bestalde, pandemiak goranzko bilakaera izan du gure inguruko herrialdeetan eta komunitateetan, eta birusaren andui berri bat identifikatu da Erresuma Batuan".

Miren Gotzone Sagardui, gaurko prentsa agerraldian. (Argazkia: Irekia)

Hala, honako zazpi neurriak iragarri dituzte gaurko agerraldian:

  1. Abenduaren 24tik 25erako eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1erako gauean, zirkulazio-muga 00:30ean ezarriko da. Helburua da pertsonen bilkuretarako denbora eta mugikortasunerako ordutegiak ahalik eta gehien mugatzea.
  2. Euskal Autonomia Erkidegoko konfinamendu perimetrala 2020ko abenduaren 23tik 26ra eta 2020ko abenduaren 31tik 2021eko urtarrilaren 1era bitartean altxatuko da. Urte amaieraren inguruko murrizketak areagotu egin dira, ospakizun honen inguruko mugikortasuna ahal den neurrian saihesteko.
  3. Abenduaren 31tik urtarrilaren 1era bitartean, urteari agurra eta sarrera emateko bazkariak eta afariak egiteko familia-bilkurak sei lagunetik gorakoak ez izatera baldintzatuta egongo dira. Gabon-gauean hain murriztailea ez den eredu bat aplikatzen dugu, arrisku handiagoko gizarte- eta familia-interakzioak saihesteko.
  4. Abenduaren 24, 25, 31 eta urtarrilaren 1, 5 eta 6rako, mota guztietako merkataritza, ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak 18:00etan ixtea, farmazien, zerbitzuguneen eta gasolindegien kasuan izan ezik. Egun horietako azken orduko erosketetan pilaketak saihestu nahi ditugu, baita egun horietako azken orduetako tabernetako jende pilaketa tradizionalak ere.
  5. Abenduaren 25erako eta urtarrilaren 1erako eta 6rako zehaztea merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduak ezin izango dira 09:00ak baino lehen ireki. Etxetako jaien balizko luzapena 06:00etako establezimenduen irekierarekin konektatzea saihesten saiatzen gara.
  6. 2020ko abenduaren 30etik 2021eko urtarrilaren 2ra bitartean, kanpinen kasuan, debekatuta egongo da abenduaren 28a baino lehen ostatu hartu ez duten bezeroak onartzea. Urte amaierako jaiak antolatzeko saiakerak antzeman dira, bungalowak eta kanpinekin lotutako beste zerbitzu batzuk alokatuz. Praktika hori prebenitzen saiatzen ari gara.
  7. Debekatuta dago 2020ko abenduaren 31ean eta 2021eko urtarrilaren 1, 5 eta 6an kotilioiak edo oturuntzak egitea hotel, landetxe, kanpin edo beste edozein establezimendutan, espazio komunetan, zein gela, bungalow edo apartamentuetan. Jatetxe-zerbitzua duten establezimenduetan, abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean, 20:00etatik aurrera, bertan ostatu hartu eta behar bezala erregistratuta dauden pertsonei soilik zerbitzatu ahal izango zaizkie afariak, eta 23:30ak baino lehen hustuko dira jantokiak. Bazkarietan eta afarietan ezingo da inolaz ere mahai bakoitzeko sei pertsona baino gehiago izan, eta edukierari, distantziari eta maskaren erabilerari buruzko gainerako prebentzio-neurriak errespetatu beharko dira.

Neurri hauek abenduaren 10eko dekretuan doituko dira: Bihar, eguaztena, argitaratuko dira Euskadiko Buletin Ofizialean, eta abenduaren 24an jarriko dira indarrean. 

Gaurko prentsa agerraldian, honako gogorarazpenak ere egin ditu Miren Gotzone Sagarduik:

  • Elikagaiak eta edariak irensten direnean izan ezik, ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduetan maskara erabiltzea nahitaezkoa da uneoro. Establezimendu horietan maskararen erabileran erlaxazioa antzeman da berriz ere. Gogorarazi behar da, tabakoaren kea birusaren transmisio-eragilea dela, batez ere maskararik eta distantziarik gabe pertsonak biltzen diren testuinguruetan.
  • Ezin da zutik jan edo edan ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduetako barrualdean eta terrazetan. Era berean, ez da jan edo edan behar establezimendu horien inguruetan. Era berean, ezin da kontsumitu gozokirik edo freskagarririk hauek saltzen diren establezimenduen inguruetan. Berriz ere hauteman dira jokabide arriskutsuak, hala nola zutik eta maskararik gabe kontsumitzea lokal horien barrenean, terrazetan edo inguruetan.
  • Agintaritza eskudunei eta gizarte- eta kultura-erakundeei dei egitea Olentzero-Mari Domingi eta Erregeekin lotuta ezarritako mugak zorrotz betetzen direla zaintzeko, eta bereziki gainbegiratzeko aglomerazioak sor ditzaketen ekitaldi horietan edo beste batzuetan prebentzio-neurriak zorrotz betetzen direla. Herritarren eta erakunde guztien erantzukizuna da edozein arrisku-testuingururen aurrean arreta handiz jardutea.

Lehen txertoak, domekarako

Osasun Sailburuak jakinarazi du domekan iritsiko direla COVID-19aren aurkako lehen txertoak Euskal Autonomia Erkidegora. Ez du zehaztu zenbat dosi izango diren, baina adierazi du arrisku taldean dauden pertsonak jasoko dutela lehendabizi. Pfizer etxeko txertoak izango direla ere adierazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak