Gaur hartzen dituzte Gabonetako oporrak Elgetako Herri Eskolan ere, eta eskola egun berezia izaten ari da. Baserritar jantzita heldu dira eskolara ume gehienak, eta lehenengo egitekoa kalean Gabon kantak abestea izan da. Egoerak eskatutako neurriak hartuta egin dituzte txandakako irteerak. Bizpahiru kantu egin ditu talde bakoitzak herriko txoko jakin batzuetan. Plazara gerturatu dira txikienak, lehenengo. Nagusiagoek Bolatokirainoko edo Domingo Iturbe kalerainoko bidea ere egin dute. Batzuk kantuan egin dute. Beste batzuk soinuarekin eta panderoarekin irten dira.
Umeak kantuan entzuteko aukera izan duten helduek gogoz txalotu dituzte.
Eskolak grabatu egin ditu irteerok eta bideoa bidaliko du familietara behin gertatutakoan.