Ignacio Zuloagaren egonaldiak Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko abe. 15a, 09:30

Urangari egindako omenaldia, San Roke kaleko iturrian. (Kutxa Fototeka)

Aurten betetzen dira 150 urte Ignacio Zuloaga margolaria jaio zela. Eibartarra sortzez, Parisen eman zituen bere ibilbide artistikoaren urte oparoenak eta nazioartean ezagun egin zen. Elgetan ere izan zen, Pablo Uranga lagun minaren ondoa.

Ignacio Zuloaga Zabaleta (1870- 1945) mundu osoan egin zen ezagun eta nazioarteko erakusketa asko egin zituen. Zumaian eraiki zuen, gerora, bizilekua, eta bertan dago gaur egun Zuloaga etxe-museoa. Elgeta, ordea, ez zitzaion batere arrotz. Familiarekin batera etortzen zen uda pasatzera, ekainetik irailera. Ezkondu berritan ere bertan hartu zuen bizileku denboraldi batez. Adituek uste dute urtebete inguru emango zuela bertan. Zergatik Elgeta? Eibartik gertu dagoelako eta bertan bizi zelako Pablo Uranga margolaria. Elgetako bohemioa ezizenez ere ezaguna, Parisen ezagutu zuten elkar bi margolariek. Lagun minak izan ziren.

Nazioarteko ibilbide artistikoa

Egoera ekonomiko oneko familian sortu zen Zuloaga, 1870eko uztailaren 26an. Hain zuzen ere, Kontaderekua etxekoa zen. Laster asko azaldu zuen pinturarekiko grina, eta 16 bat urterekin margotu zuen lehen obra: Arra- teko itsua margolana. Urteurrena dela-eta ekarri dute lehenengo aldiz Eibarrera, eta, aurrez hitzordua eskatuta, ikusgai dago Eibarko San Andres elizan.

Madrilen, Erroman eta, batez ere, Parisen (1892-1895) egin zituen pintura ikasketak, eta Frantziako hiriburuan ezagutu zituen hainbat artista. Francisco Durrio eskulturgileak babespean hartu zuen, eta Montmartreko haren estudioan ezagutu zuen Pablo Uranga.

Elgetan, urtebete inguru

Urangak haurtzarotik zuen harremana Elgetarekin, eta bertara itzuli zen Paristik. Zuloagak ere urtebete inguru egin zuen herrian. Adituek uste dute 1899 eta 1900. urteen artean izango zela; izan ere, Zuloaga 1899ko maiatzaren 18an ezkondu zen, Valentine Dethomasekin, eta Europan zehar egindako eztei-bidaiaren ostean jarri ziren Elgetan bizi izaten. San Roke kaleko Azkaraterenean elkartzen ziren margolariak lanerako.

Hain zuzen ere, adituek diote Zuloagak Elgetan margotu zuela Mercedes andre nanoa izeneko margolan ospetsua, gerora Parisko Orsay museoan gorde zutena. Enrique Lafuente ikerlariak gehitzen du Elgetan margotu zituela, baita ere, Sitgesko Cau Ferrat museoan ikusgai dagoen Ardo banaketa zein Manzi arte-merkatari paristarrak erositako Ilunabarra mendi artean pintura.

Sasoiko margolari gehiago ere elkartu ziren Azkaraterenean. Mauricio Flores Kaperotxipi artista zarauztarra izan zen horietako bat. Uranga eta Zuloaga baino gazteagoa, babespean moduan hartu zuten artista nagusiagoek. Gerora, Ignacio Zuloagari buruzko biografietako bat idatzi zuen Floresek.

1936ko gerra aurreko kontuak dira horiek. Uranga 1934an hil zen eta Flores 1933tik 1936ra bizi izan zen Elgetan. Bilbo frankisten esku geratu zenean, Argentinara erbesteratu behar izan zuen zarauztarrak. Erosoago bizi izan zen Espainia frankistan Zuloaga. Erorien Haraneko basilikako kristo gurutziltzatua margolari eibartarrak margotutakoa da, eta Francoren erretratu bat ere egin zuen.

Omenaldia Urangari 1945ean

Ignacio Zuloaga 1945eko urriaren 17an izan zen Elgetan azken aldiz. Hamaika urte ziren Pablo Uranga hil zela, eta Francisco Durrio adiskideak 1934an egindako brontzezko medailoia San Roke kaleko iturrian jartzera etorri zen. Zuloagak berak bultzatutako lagun arteko ekitaldia izan zen. Meza, plaka jartzea eta argazkia izan ziren egitarauan. Gaur egun, ikusgai dago oroigarria iturrian, eta publikoa da egun hartako argazkia.

Baliteke Zuloagak heriotza gertu zuela hauteman izana; izan ere, hil baino egun gutxi batzuk lehenago egin zuten omenaldia. Zenduta zegoen, ordurako, Francisco Durrio ere.

Udal agiriek ematen dute ekitaldiaren berri. Bertan irakur daitekeenez, udal ordezkariek ere justu-justu izan zuten ekitaldiaren berri. Hain zuzen ere, ospakizunak egin baino bi egun lehenago. Argazkian agertzen dira, besteak beste, Ignacio Zuloaga bera, Bartolome Elkoro alkatea, Patxi Telleria Torrezar, Federico Markiegi aguazila eta abadea.

Esandako moduan, ekitaldia egin eta bi astera, 1945eko urriaren 31n, hil zen Zuloaga, Madrilgo estudioan. 75 urte zituen. Donostiako Polloe hilerrian lurperatu zuten.

Zuloagaren auto erretratu bat eta Mercedes andre nanoa margolana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak