Ludoteka zerbitzuko neska-mutikoak kanpoko izeia apaintzen hasiak dira

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko abe. 1a, 19:24

Emakumeen Kontrako Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean puntu moreak jarri zizkioten. Gero etorri dira Euskaraldiarekin lotutako puntu koloretsuak, eta Ahobizi zein Belarriprest ikurrak. Euskararen Egunerako ere badute zerbait pentsatuta.

Bederatzi erabiltzaile eta bi hezitzaile ditu Elgetako ludoteka zerbitzuak, eta aste egunez arratsaldero zabaltzen ditu ateak. Azken aldian kanpoko aldean dagoen izei handia apaintzeko zereginean ari dira, besteak beste.

Puntu moreak jarri zizkioten lehenengo. Emakumeen Kontrako Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean lanketa berezia egin zuten eta aldarrikapen egunarekin bat egiteko modua izan zen.

Gerora etorri ziren Euskaraldiarekin lotutako puntu koloretsuak eta Ahobizi zein Belarriprest ikurrak. 16 urtetik beherakoak dira zerbitzuko erabiltzaile guztiak, baina badute Euskaraldiaren berri eta horrela adierazi dute.

Euskararen Egunerako beste ekintza bat dute prestatua. Papiroflexia ariketa egin eta paperezko hegaztiak egingo dituzte. Hain zuzen ere, kurriloak. Erabiltzaile bakoitzak bat egingo du eta euskararekin lotutako esaldi bana idatziko dute bertan. Ludotekako sarrerako sabaitik zintzilikatuko dituzte guztiak.

Euskaraldiaren kantua osatzeko jokoa

Gogoratu martxan dela Euskaraldiaren kantua osatzeko jokoa. "Euskaraldiko kantuaren estrofak banatu ditugu herrian zehar. Paper zatiak dira eta aurkitzen dituenak udaletxeko helbide elektronikora bidali behar ditu. Ea denon artean kantua osatzea lortzen dugun", azaldu dute. Halakorik ikusiz gero jaso, atera argazkia eta bidali udala@elgeta.eus helbide elektronikora.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak