Ane Ortiz: "Ez gara berdinak, behar ditugu aukera berberak"

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko aza. 28a, 09:30
Matiz elkarteko Ane Ortiz Ballesteros, jostailu katalogoei buruz, eguaztenean.

Hezkidetzaz aritu zen, eguaztenean, Matiz elkarteko Ane Ortiz Ballesteros. Gizartean errotuta dauden hainbat sinismen eta jokabide jarri zituen ezbaian, eta gauzak aldatzeko neska-mutikoei erreferente berriak eskaini behar zaizkiela ohartarazi zuen.

Emakumeen aurkako indarkeria matxista salatzeko nazioarteko egunean, gurasoei zuzendutako formakuntza saio berezia eskaini zuen Ortizek Elgetan. Matiz elkarteko hezitzailea izateaz gainera, sexologoa eta Berdintasun teknikaria ere bada, eta bi asteotan hainbat lanketa saio egin ditu eskolako umeekin, Ez heroirik ez printzesarik programaren barruan.

Gurasoendako ordu eta erdiko formakuntza saioa egin zuen eguaztenean. Lastima izan zen bost guraso besterik ez bertaratu izana. "Esango nuke berdintasunaren ameskerian bizi garela. Galdetzen baduzu, askok esango dizute berdintasun egoeran bizi garela. Oso barneratuta dagoen ideia bat da, eta gaiarekiko interesa jaisten doa. Jendeak konparatzen du gaur egungo egoera duela 30 urtekoarekin, eta egia da aurreratu dela, baina ez dago parekidetasunik", dio.

Erreferente berriak eskaini

"Beste leku askotan gertatzen den moduan, Elgetako umeek ere ondo ezagutzen dute politikoki zuzena den diskurtsoa. Hainbat ariketa egin ditugu geletan, eta argi geratu da hori. Badakite zer entzun nahi dugun".

Egunerokotasunarekin lotutako gaiak edo egoerak ekarri orduko, ordea, datoz ñabardurak. "Euren burua lodi ikusten duten 9 urteko neskatilak, haserretzerakoan etorri handiegia dutelako gaizki sentitzen direnak... Indarrean den feminitate ereduak ez du halakorik baimentzen, eta umeek ere txiki-txikitatik sumatzen dituzte halakoak".

Mutilen artean ere edertasun estereotipo batzuk ezartzen ari direla ohartarazi du. "Ez da Elgetan bakarrik gertatzen den kontu bat. Gela batean eskatu nien marrazteko nork bere gorputza, biluzik. Mutilek gorputz gihartsuak egin zituzten, ondo markatutako abdominalekin. Sare sozialetan eredu konkretu batzuk dira nagusi, eta hor orduak ematen dituzte. Argi dago maskulinitate ereduak berrikustea komeni dela; izan ere, maskulinitate eredu toxikoak daude".

Aukera berdintasuna bermatu

"Berdintasunean heztea ez da denak berdinak garela transmititzea, baizik eta transmititzea aniztasun handia dagoela eta denok merezi ditugula aukera berberak. Aniztasuna jarri behar da erdigunean. Berdintasunaren sinismenak, batzuetan, frustrazio handiak eragiten ditu. Hain zuzen ere, ez garelako berdinak, oso anitzak baizik".

Bestelako ereduak erakustearen garrantzia azpimarratu du adituak. "Umea jaio aurretik egiten dugu banaketa. Alua edo zakila izan, horren arabera prestatuko ditugu logela, arropak, jostailuak... Eta, urteekin, horretan sakontzen goaz. Science aldizkariak argitaratutako ikerketa batek jasotzen zuen jada 6 urterekin neskak mutilak baino gutxiago direla sentitzen dutela. Nerabezaroan, berriz, autoestimuak behera egiten du".

Familiendako gako batzuk

"Gurasoak dira lehen erreferentea, eta horren kontziente izan behar dugu. Etxean ze eredu dugu? Fokua, lehenengo eta behin, geure buruarengan jarri behar dugu. Umeek hori erreproduzituko dute", dio Ortizek.

Askotariko jostailuak eta jarduerak eskaintzeari ere garrantzitsu deritzo, ez erreproduzitzeko beti maskulinitate edo feminitate eredu konkretu batzuk. "Bestetik, hartu denbora umeekin gauza hauetaz hitz egiteko. Sortu horretarako espazioak eta eskaini erreferente berriak: emakume kirolariak, zientzialariak... Egon badaude".

Emozioak adierazteko espazioak ere sortu behar dira. "Guraso moduan adierazten ditugu gure emozioak seme-alaben aurrean?".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak