Kezka iturri izan ohi da hezitzaileen artean, eta egia da erabilera ezegokiak ere ematen direla. Hala, lanketa berezia egin zuten aurreko astean ikastetxean, IKT ON hezkuntza aholkularitza zerbitzuko adituen eskutik.
Tailer berezia jaso zuten ikasleek, eta formakuntza saio monografikoa, berriz, gurasoek. EHUko irakasle eta ikertzaile Rakel Gamitok gidatu zuen azken hori. Informazio eta Komunikazio Teknologietan aditua da, eta adin txikikoen errealitate digitalaren inguruan egin zuen tesia. 10-12 urteko gaur egungo umeen errealitate digitala zein den aurkeztu zuen, eta hizpide izan zituen Interneten arriskuak, gaiarekin lotutako prebentzio neurriak eta familiek ezagutu beharreko gomendioak. "Elgetan mugikor propioa du LH-5eko ikasleen %40k, eta LH-6ko erdiak", esan zuen. Eta ohar garrantzitsua gehitu zuen: "Baina gauza bat da nork bere gailua edukitzea eta beste bat da egiten den erabilera; izan ere, ez da beharrezkoa nork bere gailua edukitzea erabilera egiteko. Nahikoa da gurasoena hartzea, eta horrela izaten da".
Erabilerak gora, adinak behera
Datuek diote erabilerak gora egiten diharduen bitartean adinak behera egiten duela, eta Elgeta ez da salbuespena. "Kalkuluen arabera, egunero hiru ordu eskaintzen dizkiote Interneti 12 urterekin. Internet modu 'autonomoan' erabiltzen hasteko adina, berriz, 7 urte da. Batez ere, aisialdirako eta berdinen arteko komunikaziorako erabiltzen dute Internet, helduen kasuan bezala", zehaztu zuen Gamitok.
Makina bat sare sozialen eta online jokoren inguruan egin zuen berba. Baita ere sare sozialetan atsegiteak lortzeko presioari edota jokoen azkartasunari lotutako antsietate mailari buruz. Grooming-aren, sextorsing-aren, ziberjazarpenaren eta eduki ez egokien inguruan ere eman zituen azalpenak. "Dena ez da txarra, baina zer dagoen ezagutu behar da. Joko asko sare sozialak dira. Ezezagunekin ari dira. Umeei erabilera irizpide batzuk eman behar zaizkie; izan ere, helduen bitartekaritza behar dute".
---
Rakel Gamito: "Onena, eta betirako dena, konfiantzan onarritutako harremana eraikitzea da"

Internetek alde on asko dituela azaldu zuen Gamitok Elgetako hitzaldian. "Eskaintzen dizkigu aisialdia, informazioa, elkartzeko edo harreman onak izateko aukera... Baina arriskuak ere baditu. Horregatik, gurasoek ezagutu egin behar dute adin txikikoen errealitate digitala. Mundu digital batean jaio dira. Ez dute teknologia digitalik gabeko mundurik ezagutu, eta euren bizitzako beste parte bat da. Horren kontziente izan behar dugu. Zertarako? Bitartekari lanak egiteko. Eta orain aprobetxatu behar da. Adinotan kontatzeko prest daude oraindik".
Estrategien inguruan, berriz, "onena eta betirako dena" gertu egotea dela dio Gamitok. "Ahal den neurrian, eskaini informazioa eta konfiantzazko harremanak eraiki, edozer gertatuz gero umea guregana etortzeko. Argi eduki behar du gurasoak laguntzeko prest dituela".