Munduko sagardo berezi onenen artean

Hasier Larrea 2020ko aza. 17a, 12:00

Maite Retolaza eta Haritz Eguren, Oiharte sagardotegian.

Maite Retolaza elgetarrak eta Haritz Eguren zeraindarrak daramaten Oiharte sagardotegiak urrea eta zilarra lortu ditu, lehen aldiz, Asturiasen jokatu den nazioarteko SiSga lehiaketan, apardun eta izotzezko sagardoen modalitatean, hurrenez hurren.

Txotx garai bete-betean harrapatu zituen pandemiak Euskal Herriko sagardotegi guztiak. Ordutik, nola edo hala moldatu dira galera ekonomikoei buelta emateko, baina, zoritxarrez, albiste pozgarri gutxi izan dituzte. Hala ere, egon dira salbuespenak, Zeraingo Oiharte sagardotegiaren kasuan bezala.

Berau gidatzeaz arduratzen da, senarrarekin batera, Maite Retolaza elgetarra. Sagardo bereziak egiten bikote eskarmentuduna izaki, Gijonen jokatzen den SISGA mundu mailako sagardo berezien lehiaketak apardun sagardorik onena eta izotzezko bigarren sagardorik onena egiten dutela erabaki du aurten. "Bertako sagarraren aldeko aitormena dira bi sariak; ohiko sagardoa ez ezik, mota askotako edariak egiteko aukera ematen du", adierazi du ekoizle elgetarrak.

Errezil sagarrari buruz mintzo da Retolaza. Fruta bizia, azido askokoa eta goxoa dela irizten du sagardogileak: "Jateko erabiltzen da, normalean; sagar erreetarako edo menbrilloak egiteko, batik bat". Euskal Herrian sagar ugaria da errezil motakoa, Goierrin bertan dezente ateratzen dena. "Tokiko sagarraren aldeko apustua egiten duten nekazarien eta elkarteen lana balioan jartzen du sari honek", aipatu du.

Elaboratzeko orduan, sagardo garbia ateratzen dela nabarmendu du Retolazak: "Gustu eta usaimenez emaitza atsegina uzten du edariak, apardun sagardoa egiteko aproposa". Estilo horretako zukua lortzeko, sei hilabeteko prozesua egin behar da; izan ere, bigarren fermentazio bat egin behar da botilan. Hortik ateratzen den emaitzari AMA izena jarri zioten duela bost urte, eta, dirudienez, hobetzen doa urtetik urtera.

Izotzezko sagardoak ere badu bere "grazia", Oiharte sagardotegiko jabearen esanetan: "Urre koloreko sagardo distiratsua da izotzezkoa, ahoan gozoa, sagar zapore handikoa eta gustu iraunkorra uzten duena".

Urteetako eskarmentua

Bi sagardo mota berezi horiek ez dira egun batetik bestera ateratzen, urte askoan esperimentatu ostean baizik. "Sagarrarekin ohikoak ez diren proba asko egin daitezke. Uzta bakoitzeko fruituek norabide batera edo bestera orientatzen gaituzte: honekin kopako sagardoa egin dezakegu, beste hau birritan fermentatuz gero... Horrela ibiltzen gara, desberdintasunak antzeman eta ideiak garatzen", azaldu du Retolazak.

Sagardotegia ireki zutenetik bezeroei zerbait berezia eskaintzeko bilaketan jardun du bikoteak. 2010eko uztan hasi ziren sagardoa komertzializatzen, eta gaur arte barietatea hazi besterik ez dute egin: "Ohiko sagardoa ez ezik, aparduna, izotzezkoa, muztio ekologikoa eta latakoa egiten ditugu. Euskal Herrian bakarrak gara azken hau saltzen dugunak". Argi dago probatzea eta dastatzea gogoko dutela Zeraingo sagardotegikoek.

Ogi gogorrari, hagin zorrotza

Martxoko itxialdiak ezustean harrapatu zituela onartu arren, egoera makurra iraultzeko ahaleginak ez dira antzuak izan Egurenen eta Retolazaren aldetik: "Kamera bete-betea geneukan guztiok etxera bidali gintuztenean. Momentu hartan, txuletak, bakailao-xerrak eta sagardoak etxez etxe banatzen hasi ginen, eta jendeak ondo erantzun zuen; stocka hustea lortu genuen, ez dela gutxi!".

Nekazaritza-etxea ere badaukate Zerainen, eta, sagardoarekin gertatzen den bezala, "probatzen duenak errepikatu egiten du". Sagardo bereziak dastatu nahi dituenak 690 79 35 07 telefonora deitu besterik ez dauka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak