Hilerriarekin ardura pixka bat hartzeko eskatu diote Udalari

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko aza. 6a, 10:00

Hilerri sarrerako San Roke ermita.

Iraitz Lazkano alkateak esan du urte askoan ez bezala lau urteotan inbertsio handiak egin direla kanposantuan.

Begoña Ardanza arduratzen da hilerriko kontuez azken lau urteotan. "Herritar talde bat gara eta errespetu pixka bat eskatzen dugu. Senitartekoak ditugu hilerrian, eta ez da itxura". Belarra gehiagotan mozteko, hondakinak sarriago husteko eta argiteriarekin dauden arazoak konpontzeko eskatzen dute. "Aurretik ere egin ditugu eskaerok udaletxean", esan du Ardanzak Maria Jesus Leterekin batera.

Belarra urtean bitan mozten dela diote. "San Roke egunerako eta Domu Santu egunerako mozten dute. Gainerakoan hilarriak belar artean estalita gelditzen dira. Uda partean beste bi aldiz, gutxienez, mozteko eskatzen dugu", esan dute.

Edukiontzietako zaborra, berriz, haizeak zabaltzen duela diote bete egiten direlako. "Gehiagotan hustu behar dira. Egunotan ipinitako loreak usteldu eta jendeak erretiratzen dituenean laster beteko dira berriz".

Argi faltarekin ere badute kexa. "Azkenaldian ez da kanpoko argirik pizten. Domu Santu eguneko loreak banatzeko lotsagarri ibili ginen, eta egindako azken bi hiletatan irrigarri geratu gara". Pizteko eta itzaltzeko argiak eskatzen dituzte. "Ez dira egunero behar diren argiak, egun puntualetan bakarrik behar dira", esan dute.

Kolunbario berrien egoerarekin ere kritiko dira. "Ematen du sentsazioa bukatu barik daudela, eta ez da itxura. Dozena erdi bat baldosa lurrera jausi eta txikituta egon dira luzaroan. Domu Santu egunerako txukundu dute pixka bat ingurua silikonarekin lan batzuk eginda". 

Udalaren erantzuna

Alkateak erantzun du 75.000 euro pasatxo inbertitu direla hilerrian azken lau urteotan: horma konpontzeko, argi berriak jartzeko, kolunbarioa egiteko... "Erortzear zegoen duela 4 urte alde bateko horma osorik berritu genuen. Argi berriak jarri ziren, eta negu sasoian iluntzean pizteko programatu". Kolunbario berria ere egin dela gaineratu du eta aurki izango dela erabilgarri. "Hobiratzeak eta deshobiratzeak egiteko enpresa bat kontratatu genuen behar diren osasun baldintza guztiak beteta egiteko hilerriko jarduna, eta hileta zibilen ordenantza ere aldatu genuen, hilerrian hileta zibilak egin ahal izateko, herritar guztiek erabili ahal izateko. Urte askoan inbertsiorik ez da egin hilerrian, baina azken lau urteotan herrian egin diren inbertsioen %12 baino gehiago hilerrian egin da".

Zehaztu du urtean, gutxienez, lau aldiz mozten duela belarra Udalak. "COVIDa dela-eta belar mozteekin normalean baino beranduago hasi gara, baina mozketa kopurua bera izan da. Aurten, urtero bezala, hilarriak ere garbitu dituzte udal brigadakoek".

Edukiontzietako hondakinak direla-eta esan du: "Egia da bai edukiontziak bete egiten direla. Bolumen handia hartzen duten hondakinak izanda bete egiten dira edukiontziak. Abisua jaso orduko husten ditugu".

Argiekin lotuta esan du hemendik aurrera kaleko argiekin batera piztuko direla, negu zein uda. "Eskuz pizteko eta itzaltzeko argiek ematen zituzten arazoak bereziki. Arazoa izan zen duela bi urte hobiratze baten ezin izan zirelako piztu. Harrezkero, eta halakorik ez gertatzeko, negu sasoian iluntzean pizteko programatu genituen argiak. Arazoak eman ditu, ordea, erlojuak. Behar zuen unean argiak piztu ez zirela jakinda, hurrengo eguneko lehenengo orduan neronek birprogramatu nuen erlojua. Hala ere, aldaketa bat egingo dugu eta hemendik aurrera kaleko argiekin batera piztuko dira. Ez dago zertan koadro elektrikoa ireki eta ukitzen ibili beharrik, arriskutsua da".

Azkenik kolunbario berria egiteko lanekin lotuta jakinarazi du: "Kolunbarioen tapak, bi tapa hain zuzen ere, haizeteak apurtu zituen, eta ahalik eta lasterren konpondu genituen, herriko beste hainbat gunetako txikizioen antzera. Halakorik jakinez gero, berehala udaletxean abisua ematea eskatzen dugu. Ikusi eta hurrengo egunean konpondu genituen. Kolunbarioa zuriz margotzea falta da, besterik ez. Erabilgarri egongo da aurki".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak