Jose Antonio eta Peio Ojanguren: "Edadetu askok ez daki zer egin edo nora jo"

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko aza. 3a, 10:00

Jose Antonio Ojanguren presidenteordea da, eta Pello Ojanguren presidentea.

Elkarteko presidentea da Peio Ojanguren eta presidenteordea da Jose Antonio Ojanguren. Lanerako gogoz daude eta ideiarik ez dute falta zuzendaritzan, baina pandemia egoerak dena eten duela adierazi dute.

Hamar lagunek osatzen dute Xalbadorpe elkarteko zuzendaritza batzordea. Martxoan berritu zuten, gainera.

Zuzendaritza berritzea ez da gauza erraza izan, ezta?

Ez. Inguruko herrietan ere berdina gertatuko da, baina ate asko jo ditugu, eta ezezko asko jaso ditugu. Latza izan da.

Sumatuko da aldaketa?

Lau kide berri sartu dira, eta sentsibilitate eta kezka berriekin datoz. Uste dugu gauza berriak egiteko aukera eta indarra emango digula horrek.

Pandemiak badu eragina, ezta?

Bai, noski! Jarduera asko geldirik daude. Gure inguruko herrietan ere bai. Arrasaten eta Oñatin badihardute elkartzen, baina gainerakoetan esango nuke ez direla elkartu ere egiten. Elgetan hileroko podologo zerbitzua da mantentzen dugun bakarra, eta horri ere buelta batzuk eman behar dizkiogu segurtasun neurriak zorrozteko, eta ordutegiei neurria hartzeko. Podologo berria hasi da eta egokitzapen batzuk egin beharko ditugu. Gainerakoan, irten da kakorratz eta puntu lanak egiteko egitasmoa. Ikusiko dugu egitea posible izango den. Aldiz, ezin da ez irteerarik, ez bingo saiorik, ez karta joko txapelketarik egin. Badugu kezka. Halako egoeretan edadeko jendea etxe zuloan sartzen da, eta adin batetik aurrera ez da komeni izaten.

Hori da elkarteak bete behar duen funtzioetako bat?

Jende edadetu asko dago zer egin eta nora joan ez dakiena. Jende horri aukerak eskaini behar dizkiogu. Tailerrak, kultura astea, gaztaina-erre jana... Halakoetara erretiratu asko etortzen dira. Helburua da entretenitzea eta etxetik ateratzea, baina orain ezin da ezer antolatu, eta badugu kezka horrekin.

Jendeak egiten du eskaerarik?

Ez. Gauzak antolatzen badira denak pozik, baina, gainerakoan, ez dago interesik. Aldiz, zerbait antolatu eta gaizki irteten bada, orduan bai etortzen dira kritikak.

Eta egoitzarekin, Ozkarbi elkarteko instalazioekin, gustura zaudete?

Ez dugu beste aukerarik eta ontzat ematen dugu, baina noski gustatuko litzaigukeela edukitzea lokal bat gure kontrolpean. Hemen lotuta gaude, eta edozer gauza egiteko baimena eskatu behar dugu. Ez da arazorik egoten, baina lotu behar dira erabilgarritasun aukerak eta beste. Arrasateko, Oñatiko edo Antzuolako egoitzak ikusi egin behar dira! Elgetako Udalak dirulaguntza ematen digu, baina lokalik, oraingoz, ez.

Noiz jasotzen du erretiratu batek Ozkarbi elkarteko giltza?

Elgetan erroldatuta dagoen pertsona batek 65 urte betetzen dituenean jasotzen du giltza, eta hartzen ditu erabilera eskubide guztiak. Ez daukana da botorik batzar orokorrean. Egun, 164 bat erretiratu gaude elkartean.

Gainerakoan, nola ikusten duzue herriko erretiratuen egunerokoa? Gabezia handiak daude edo ez?

Zaila da Elgetan pertsona nagusia izatea. Kutxabank bulegoaren itxiera, esaterako, kolpe gogorra izan da, premiazko zerbitzu bat zelako. Alde batetik, edadetuendako hain garrantzitsua den aurrez aurreko arreta galdu dugu. Bestetik, bizpahiru aldiz gertatu zaigu pertsona nagusi batek laguntza eskatzea, kutxazain automatikoarekin ondo konpontzen ez delako. Ez dakielako, ikusmen arazoak dituelako... Beste batean, kreditu txartel bat aurkitu genuen kutxazain automatikoan ahaztuta lagata. Ezagutu genuen izena eta itzuli genion jabeari, baina pentsa! Eta hemen dugun beste arazo bat mugikortasunarena da. Bergarara joan behar da aurrez txanda hartuta... Ez da erraza!

Elkartearen estatutuak aldatu dituzue azken batzar orokorrean.

Bai. Urteetan aldatu gabeko estatutuak genituen, eta bi aldaketa nagusi onartu genituen martxoaren 12an egindako urteko batzar orokorrean. Lehenengo aldaketa da Xalbadorpe elkartean sartzeko Elgetan erroldatuta egon behar dela. Ez da horrela izan orain arte, baina kontuan hartuta Udalak dirulaguntza ematen duela elkarteko sozio bakoitzeko, puntu hori aldatu egin dugu.

Bestetik, aurreko estatutuekin zuzendaritza batzordeak erabakitzen zuen eskaera egin duen pertsona onartzen zen edo ez, eta hori ere aldatu egin dugu. Nor da zuzendaritza batzordea hori erabakitzeko? Gaur egungo estatutuekin, Elgetan erroldatuta dagoen edonork egin dezake eskaera eta sartu egiten da, inongo oztoporik gabe.

Garai zailak dira, eta jende nagusiarendako, zer esanik ez. Ze mezu duzue Elgetako edadetuendako?

Egoera ez da ona eta badirudi gaiztotzera doala. Aurreikusten dugu itxi egingo digutela Ozkarbi, eta auskalo noiz arte. Pazientzia eskatuko dugu. Aukera zabaldu bezain laster prest izango gara lanean hasteko eta jarduera berriak martxan jartzeko. Gabonetan, hori bai, bazkideen artean hainbat otarre zozketatu nahi ditugu. Kuota kobratu dugu derrigorrezkoa zelako, eta zerbait eskaini nahi dugu orain.

Ozkarbin duzuen bulegoa berritzeko asmoa duzue, ezta?

Bai. Lehen solairuan dago, eta 1.200 bat euroko aurrekontua dugu lanak egiteko; besteak beste, ordenagailua berritzeko eta agiriak txukun artxibatzeko. Joango gara udaletxera ere, ea laguntzarik jaso dezakegun lan horiek egiteko. Garrantzitsua da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak