Aurreko aste bukaeran hiru kasu berri baieztatu ziren Elgetan. "Alarmarik ez, baina jabetu gaitezen hau ez dela pasa. Zenbat biztanle garen kontuan izanda, hiru positibo baieztatzea eta hain bateratsu kopuru adierazgarria da. Musukoak jantzita izatea eta distantziak mantentzea ezinbestekoa da", esan du Iraitz Lazkano alkateak. Orain, ratioak hartzen dira 100.000 biztanleko erreferentziarekin, eta Elgetaren kasuan 260 bat irteten da. Hortik apur bat gora". Kopuru handia dela eta neurriak betetzeko dei egin du.
Eskolak bat egiten dute neurriak hartzearen garrantziarekin. Martitzenean jakinarazi zuten ikasleekin kontaktu zuzenik ez duen langile batek positibo eman duela PCR proban –eguen goizera arteko datuak dira–.
Eskolak zabalik jarraitu du, nahiz eta hainbat irakasle koarentenan egon eta ordezkapenak kudeatu behar izan diren. Lan Arriskuen Prebentzio Sailarekin eta Osakidetzako erreferentziazko arduradunekin elkarlanean hartu dira erabakiok. "Momentu honetan eskolan konfirmaturik dagoen positibo bakarra ez da elgetarra, eta kutsatze fokua ez dago eskolan edo herrian kokaturik", zehaztu dute.