"Zoragarria da zure liburua klik batean mundu osoan eskuragarri egotea"

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko urr. 12a, 09:10
Carlota Alfaro Ortega, kaleratu berria duen eleberriarekin etxeko bulegoan.

Fikziozko laugarren eleberria kaleratzear du Carlota Alfaro Ortegak, genero erromantikoan eta gazteleraz. Autoekoizlea da eta eguaztenean aurkeztuko du liburua, udal liburutegian, 18:30ean.

Idazlea den galdetuta, barre egiten du. Gustuko du idaztea, eta kito. Doala aurretik ezer gutxi aurreratuko dugula hemen azken eleberriari buruz. Aurkezpen ekitaldia dago horretarako.

Urte asko dira idazten duzula?

Irudimen handikoa izan naiz beti, eta umetan istorio asko izaten nituen buruan. 2008ko krisialdian hasi nintzen idazten. Aldaketa handiak izan ziren nire bizitzan, eta burua berriz bete zen istorio askorekin. Idatziz jasotzea erabaki nuen. Hala, lau eleberri eta ez fikziozko hiru liburu argitaratu ditut. 2021ean beste bi lan argitaratzea aurreikusten dut. Ia amaituta daude.

Genero erromantikoa beti. Zergatik?

Ez fikziozko hiru lan ere argitaratu ditut, baina eleberriak beti erromantikoak, bai. Ez dakit zergatik. Kontsumitzailea naiz, eta etorri ere halakoak etortzen zaizkit burura. Aldekoak eta kontrakoak ditu. Aurkako asko izan ditu, eta ditu oraindik ere, baina, esanak esan, onartu behar da irakurle gehien dituen generoa dela. Gainera, publiko fidela eta konpultsiboa du. Ekoizpena ere oso handia da. Eta beste gauza bat: ez dute soilik emakumeek kontsumitzen.

Genero erromantikoaren barruan azpiatal gero eta gehiago daude.

Bai. Aldaketa handiak egon dira. Bi, nagusiki: alde batetik, armairutik atera da. Bigarren mailako generoa izateari utzi, eta jendeak ez du jada erdi ezkutuan kontsumitzen. Bestetik, istorioak eta pertsonaiak gaurkotu egin dira. Emakume protagonista proaktiboak agertzen dira, gizonezkoak ez dira hain matxoak, liburuen azalak ere ez dira hain txepelak... Eta azpigeneroak ugaritu egin dira. Aipatuko nituzke heldu berrien azpiatala eta LGTB azpiatala.

Zu heldu berrien azpiatal horrekin identifikatzen zara, ezta?

Bai. Sortzen ditudan pertsonaia guztiak unibertsitatea amaitzeko adin horretan daude. Ez dakit zergatik. Iruditzen zait bizitzako bidegurutze interesgarri horietako bat dela: ametsak, etorkizunarekin lotutako erabakiak... Une berezia bizitzan.

Zure kasuan, zelakoa da sorkuntza prozesua?

Irudiak etortzen zaizkit burura eta datozen moduan idazten ditut. Ez dut idazten dudana aurrez pentsatzen. Idazketa automatikoa egiten dut, inolako antolaketarik eta plangintzarik gabe. Ikusten badut istorioa forma hartzen doala, orduan hasten naiz estruktura bat antolatzen. Zentzu horretan, ez naiz idazten hasi aurretik eskema guztia prest duen mapa idazle bat, baizik eta sorkuntza lanak nora naraman ikusten doan brujula idazle bat. Gero, egia da formakuntza apur bat ere jaso dudala. Autodidakta naiz, neurri handi batean, baina sormenezko idazketari buruzko ikastaroren bat egin dut.

Autoekoizlea zara. Nola dago panorama gaur egun?

Nekeza da argitaletxe batekin argitaratzea, eta online publikatzen dut. Amazon eta Smashwords plataformak erabiltzen ditut, blog bat dut, sare sozialetan nago, zuzenketa lanak beste idazle batek egiten dizkit, azalak nik egiten ditut... Amazonek, esaterako, salmenten %70 ematen dit. Ez naiz aberasten, baina ez dut dirurik galtzen.

Gaur egun, bestalde, idazle ekintzailea izan behar duzu. Ez da nahikoa idaztea eta online publikatzea. Promozioa ere norberak egin behar du eta sare sozialetan egotea ezinbestekoa da. Marketin tekniketan trebatzea ere garrantzitsua da. Baina zoragarria da argitaratzeko aukera izatea eta zure liburua mundu osoarentzat eskuragarri egotea klik batean. Batzuek horrela hasita lortu dute argitaletxe batekin fitxatzea. Idazle oso gutxi bizi dira literaturatik. Gehienok beste lanbide bat dugu, jaten ematen digun beste lanbide bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak