Atzeratu egin da aurten eskola kirolaren hasiera. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimena izanik, erakunde horren irizpideen zain egon dira Udala zein Herri Eskola Elgetara egokitutako protokoloa definitzeko. "Protokolo orokorra jaso dugu Aldunditik, eta Elgetako instalazioetara egokitu dugu. Esan digute gurasoek onartu egin behar dutela. Horregatik sinatu behar dute konpromiso idatzia", azaldu zuen Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Ibai Etxanizek gurasoekin eguaztenean egindako informazio batzarrean.
Ikasturte hasieran ez da ez lehiaketarik ez topaketarik egingo, eta aste barruko saioetarako hiru talde osatu dira. LH-3ko taldean hamahiru neska-mutiko daude izena emanda, LH-4koan bospasei eta LH-5-6koan zortzi. Whatsapp difusio taldeak osatuta daude, eskola kirola dagoen egunetan frontoia erabiltzeko lehentasuna izango dute, eta edozein gertaeratarako Etor Garate da osasun arduraduna.
Desinfekzio lanak egoki egiteko, 50 minutukoak izango dira aurten saioak. Gainerakoan, umeek oinetakoak aldatu beharko dituzte sarreran, eta, aldagelak ezin direnez erabili, nork bere ura eramatea komeni da.
Banakako jarduerak
Futbola, saskibaloia eta eskubaloia izan dira eskola kirolaren oinarria urteetan. Aurten, bestelako jarduerak pentsatu beharko dira: banakakoak eta kontaktu fisikorik gabekoak. "Aldundia txosten bat prestatzen ari da. Zain gaude, baina mendi edo bizikleta irteerak, dantza, malabarismoa, pilota banaka... halakoak izango dira", aurreratu du Etor Garate hezitzaileak.