Erbesteratutako haurren istorioak biltzeko lana

Karmele Uribesalgo 2020ko urr. 2a, 09:26

Memoria Astearen baitan, erbesteratutako haur debagoiendarren inguruko hitzaldia egin du Juan Ramon Garaik, Intxorta 1937 kultur elkarteko kideak. Arrasatearraren arabera, gutxienez Debagoieneko 465 umek egin behar izan zuten ihes.

Memoria Astea egin dute Elgetan, Udalak eta Intxorta 1937 kultur elkarteak antolatuta. Horren baitan, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Tartean da Juan Ramon Garai Intxorta 1937ko kideak egindako hitzaldia. Debagoieneko haur erbesteratuen inguruan jardun zuen arrasatearrak Espaloia kafe antzokian.

Garaik azaldu duenez, 979 debagoiendar erbesteratu ziren 1936ko gerra garaian. Horietatik 465 ziren 0 eta 16 urte bitarteko haurrak, gehienak Arrasatekoak: 560. Hala ere, gainerako herrietan ere izan ziren erbesteratuak. Elgetan, esaterako, gutxienez bi umek joan behar izan zuten atzerrira: Pilar Gorrotxategik eta Jose Luis Arantzetak. Gorrotxategik Frantziako Sellesur-Cher babeslekura egin zuen ihes. Gerra amaitzean Hendaiara joan zen, eta bertan hil zen. Arantzeta ere Frantziara erbesteratu zen, baina 1947an Elgetara itzuli zen.

Garairen hitzetan, Debagoienetik munduko hainbat txokotara joan ziren erbesteratuak: Frantziara, Belgikara, Sobietar Batasunera, Mexikora, Argentinara eta Venezuelara joan ziren, besteak beste. Gehienek Eusko Jaurlaritzaren Habana ontzian egiten zuten bidaia. 4.000 haur inguru ateratzen ziren itsasaldi bakoitzean.

Istorioak biltzeko lana

Intxorta 1937 kultur elkartetik 30 protagonista elkarrizketatzeko aukera izan dute, eta testigantza batzuekin bideo bat osatu dute. Garairen arabera, gutxienez 60 gerrako ume daude bizirik oraindik bailaran. "Zenbakiekin batera istorioak berreskuratu ditugu", azpimarratu du. Garaik adierazi duenez, erbestera joan zirenek "sufrimendu handia" pasa zuten, baina etxean gelditu ziren gurasoek ere garai latzak bizi izan zituztela nabarmendu du.

'Goazen gabiriar danok' dokumentala

Memoria Astearen barruan, Goazen gabiriar danok dokumentalaren proiekzioa izan zen martitzenean Espaloia kafe antzokian. 1936ko gerrak Gabirian izan zuen eragina jasotzen du. Andoni Maizen izen bereko liburua du oinarri, eta Gattiken Komunikazioak ekoiztu du.

Testigantzak biltzen ditu dokumentalak, eta zenbait pasarte ere irudikatu dituzte. 60 herritar inguruk antzeztu dituzte eszena horiek, Elgetako Udalak utzitako jantziak erabilita. Gattiken Komunikazioa-ko kide da Alex Areizaga, eta azaldu du "erraz eta gustura" ikusteko dokumental bat egin nahi izan dutela.

Gabirian aurkeztu ondotik, bigarren proiekzioa izan da Elgetakoa. Dokumentalaren egileek eskerrak eman nahi izan dituzte jaso duten laguntzagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak