'Erase una vez... Euskadi' pelikularen hainbat eszena grabatuko dituzte Elgetan, urriaren 1ean

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko ira. 29a, 07:46

'Erase una vez... Euskadi' filmaren grabazio lanak Arrasateko Ferrerias kalean, abuztuan.

San Roke kalean, Mendizaleen plazan, Gudarien bidean eta Salbador kalean egingo dituzte grabaketak, eta eragina izango dute bai zirkulazioan bai aparkalekuetan ere.

Manu Gomezen lehen luzemetraia da Erase una vez... Euskadi eta filmaketa lanak abuztuaren 31n hasi ziren. Zazpi astez luzatuko dira, eta bitarte horretan hainbat herritan izan dira filmatzen: Arrasate, Legazpi, Elgoibar, Zumarraga...

1985ean girotutako istorioa bat kontatzen du Erase una vez... Euskadi filmak. Protagonistak hamabi urteko lau ume dira: Marcos eta bere lagun Jose Antonio, Paquito eta Toni. "Istorioaren helburua da hamabi urteko lau umeren begiradatik igarotzea 80ko hamarkadako Euskadi hori, bizi, gozatu eta sarritan negar egiten dugunengan arrasto handia utzi zuena ", adierazi izan du Gomezek.

1985ko ikasturte amaiera da. Marcosek eta bere hiru lagunek udako oporrak dituzte buruan, baina gogorra da inguruan duten egunerokotasuna. Gomazko pilotak, heriotzak...

Aktore lanetan dira umeen papera egiten Asier Flores, Aitor Calderon, Miguel Rivera eta Hugo Garcia. Haiekin batera dira pelikulan Luis Callejo, Marian Alvarez, Ruth Diaz, Aron Piper, Jon Gonzalez, Pilar Gomez, Vicente Bergara, Vicente Romero, Maria Isasi, Maria Alfonsa Rosso, Rafa Martin, Josean Bengoetxea, Eriz Alberdi eta Betiza Bismark.

Eragina zirkulazioan eta aparkalekuetan

Udalak jakitera eman duenez grabaketa lanek eragina izango dute bai zirkulazioan bai aparkalekuetan. Zirkulazioa moztu egingo dute tarteka Gudarien bidean, eta gomendatu dute errepide hori saihesteko neurriak hartzeko. Bestalde, ezingo dira erabili ez kiroldegi ondoko aparkalekuak ez eta pilotalekuan estalpean dauden plazak.

Horrekin batera kiroldegiko kantxa itxita egongo da egun osoan zehar.

Udaletik gogoratu dute ezinbestekoa dela jende pilaketak ekiditea, eta segurtasun zein higiene distantziak mantentzea. Maskarak ere behar bezala jantzita eraman behar dira.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak